Mundua -

Kolpe militarra Zimbabwen

Zimbabweko Armadak dimisioa ematera behartu du Mugabe

Presidenteak amore eman du presioen aurrean, Armadak herrialdearen kontrola hartu eta astebetera.

Robert Mugabe 37 urte izan da agintean. Argazkia: EiTB
Robert Mugabe 37 urte izan da agintean. Argazkia: EiTB
Robert Mugabe 37 urte izan da agintean. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Robert Mugabe Zimbabweko presidenteak dimisioa eman du, presioen aurrean amore emanda, Armadak herrialdearen kontrola hartu eta astebetera, Jacob Mudenda Parlamentuko presidenteak iragarri duenez.

Hain justu, Mugaberen aurkako zentsura mozioa egitekoak ziren Zimbabweko Parlamentuan, eta Ganberako presidenteak bertan behera utzi du, presidenteak kargua uztea onartu duela iragarri ostean. Iragarpen horren ondoren, diputatuak txaloka hasi dira.

Mugabek 37 urtez gobernatu du herrialdean, eta, orain arte, uko egin zion dimititzeari, larunbatean bere aurkako manifestazio jendentsua antolatu bazuten ere.

Kargutik kentzea suposatuko lukeen desohorea saihesteko dimisioa eman du Mugabek; izan ere, ZANU-PF alderdi gobernariak eta MDC-T oposizioko alderdi nagusiak buruzagia kargugabetzeko prozedurari hasiera eman behar zioten gaur Parlamentuan eta Senatuan.

Mudendak gutun bat jaso eta saioa eten du. “Dimisioaren jakinarazpena” esan duenean, diputatu eta senatari guztiak pozez bete dira.

“Nik, Robert Gabriel Mugabek, formalki dimisioa eman dut Zimbabweko presidente gisa, berehalako eraginarekin”, zioen gutunak. Horrela, nahiz eta botereari eutsi nahi, 93 urteko estatuburuak etsi behar izan du.

Algarek eta autoen klaxon-hotsek, Zimbabweko banderek eta besarkadek, kantek eta dantzek erabakiari ongietorria egin diete. Gauak luze joko duela ematen du. 1980an independentzia aldarrikatu zuenetik, Zimbabwek buruzagi berria izango du aurrenekoz.

¿Emmerson Mnangagwa, ordezkoa?

Emmerson Mnangagwak Mugaberen lekua hartuko duela uste dute adituek. Mugabek Mnangagwa azaroaren 6an kargutik kendu zuen “desleialtasuna” egotzita. Grace Mugabe Zimbabweko agintariaren emazteak bultzatu zuen erabakia. Senarraren heriotzarekin presidentetza hartzeko asmoa zuen emazteak. Erabakiak esku-hartze militarra eragin zuen.

Mnangagwak Zimbabweko herria zoriondu du “une historikoagatik”, eta “etxera bueltatzeko” prestatzen ari dela gaineratu du, bertako komunikabideek jakinarazi dutenez.

Bestalde, Constantine Chiwenga Armadako buruzagiak prentsaurreko laburra eman du, herritarrei bakea mantentzea eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Munduko albisteak Albisteak