Mundua -
'San Juan' itsaspekoa
Desagertutako itsaspekoan eztanda bat izan dela baieztatu du Argentinak
44 tripulatzaileak bizirik topatzeko itxaropenak amaitu egin dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentinako Armadak baieztatu egin du eztanda bat izan zela duela astebete desagertu zen 'San Juan' itsaspekoan, Atlantikoaren hegoaldetik nabigatzen ari zela. Austriako enbaxadoreak eman die informazioa.
Enrique Balbi Armadako bozeramaileak azaldu duenez, eztanda "laburra, bortitza, arraroa eta ez nuklearra" izan da, eta ez dakite zerk eragin duen.
Horren esanetan, enbaxadoreak emandako datuak "bat datoz" AEBk eta beste hainbat herrialdek emandakoekin.
Horien arabera, hilaren 15ean, 10:31ean, zarata bat entzun zen, San Jorgeko golkoan, kostaldetik 430 kilometrora, 125 kilometro karratuko eremu batean. Sakonera ez dute argi zein den: "200 metrotik 3.000ra izan liteke".
Armadak indartu egingo du bilaketa operazioa. "Hortaz, bilatzen jarraitzen dugu. Itsaspekoa eta 44 militarrak non dauden jakin arte", esan du, Argentinako hedabideen arabera.
Armadak uko egin dio 44 tripulatzaileen egoeraren inguruan hitz egiteari, ARA San Juan itsaspekoa desagertu eta bederatzi egunera egindako azken txostenean.
"Itsaspekoaren kokapena non dagoen zehatz-mehatz jakin arte, ezin dugu ezer baieztatu. Ez diogu tarterik utziko zoriari", esan du Balbi kapitainak.
Senideek hiltzat jotzen dituzte
Testuinguru honetan, senideak ezkor dira, eta tripulatzaileak hiltzat eman dituzte. Gainera, salatu egin dute agintariek krisi honetan egindako kudeaketa.
"Gezurra esan digute", ohartarazi du senideetako batek. "Hil egin dute nire anaia, putakumeak", oihukatu du beste batek, agintariekin bildu ostean.
Antza denez, itsaspekoak matxura larria izan zuen 2014an. "Ez dakit zer pentsatu", esan du beste senide batek, agintarien kudeaketari buruz.