Mundua -
Justizia
Bruselak ez du euroaginduen sistema aldatzeko 'inongo beharrik' ikusten
Hala erantzun du, Rafael Catalá Espainiako Justizia ministroak delituen zerrenda eguneratzeko beharraren inguruko hausnarketa eskatu ostean.
Vera Jourova Europako Justizia komisarioak Espainiari erantzun dio ez duela euroaginduen sistema aldatzeko "inongo beharrik" ikusten. Izan ere, Rafael Catalá Espainiako Justizia Ministroak euroaginduetako delituen zerrenda eguneratzea eskatu dio ostiral honetan Bruselari, eta beharrik ez dagoela erantzun dio Jourovak.
Jourovak onartu du egon badaudela "prozesu izaerako hainbat arazo", eta horiek zailtasunak eragin dituztela iraganean, baina baztertu egin du beharrezko aldaketa horiek Espainiak egindako eskaerekin bat egiten dutenik.
Catalak delituen zerrendaren inguruko hausnarketa eskatu du
Catalak eta Jourovak elkarrekin hitz egiteko aukera izan dute ministroen bilera horretan, eta bertan "kezka" azaldu dio Espainiako Justizia minsitroak, "zirkulazio askearen erabilera ez egoki batek justiziarengandik ihes egiteko aukera" eman dezakeelako. Horri lotuta, Espainiako ministroak euroaginduen arauak aztertzeko beharraren inguruko hausnarketa eskatu dio, eta bereziki aipatu du 32 delitu larrien zerrenda eguneratu beharra.