Mundua -
Bigarren itzulia
George Weah futbolari ohiak hauteskundeak irabazi ditu Liberian
Urrezko Baloia irabazi duen afrikar bakarra Liberiako presidentea izango da. Garaileak botoen % 61,5 lortu ditu. Joseph Boakai egungo presidenteordeak bozen % 38,7 eskuratu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
George Weah futbolari ohia Liberiako presidentea izango da. Urrezko Baloia irabazi duen afrikar bakarrak hauteskundeetako bigarren itzulian garaipena lortu du, botoen % 98a zenbatuta.
Hauteskunde Batzorde Nazionalak (NEC) jakitera eman dituen behin-behineko emaitzen arabera, Aldaketa Demokratikoaren Aldeko Kongresuaren (CCD) hautagaiak botoen % 61,5 lortu ditu. Batasun Alderdiko (PU) Joseph Boakai egungo presidenteordeak, ostera, bozen % 38,7 eskuratu ditu.
Zenbaketa osoaren emaitzen berri ostiral honetan emango du Hauteskunde Batzordeak. Orduan jokalari ohia Ellen Johnson-Sirleaf estatuburuaren ordezko ofizial izendatuko dute.
Iruzur akusazioak, lehen itzulian
Urriaren 10ean hauteskundeetako lehen itzulia egin zuten Liberian. Futbolari ohiak garaipena lortu zuen, botoen % 38,4 eskuratuta. Boakai bigarren tokian geratu zen, bozen % 28,8arekin.
Bigarren itzulia azaroaren 7an egitekoak ziren, baina atzeratu behar izan zuten, Charles Brumskinek (Askatasunaren Alderdia, PL) helegitea aurkeztu baitzuen. Hirugarren hautagai bozkatuenak iruzurra salatu zuen helegitean, baina Auzitegi Gorenak errekurtsoa atzera bota zuen.
73 urtetan demokratikoki aukeratutako bi presidenteen arteko lehen botere aldaketa izango da, bi milioi boto-emaile baino gehiago hauteskundeetara deitu ondoren.
Horrela, Sirleafek presidente izateari utziko dio. Afrikako herrialde baten lehen emakume estatuburua izan da, 2005eko hauteskundeek irabazi ondoren. Sei urte geroago berriz aukeratu zuten Liberiako herritarrek.