Mundua -
Gobernuaren aurkako protestak
Hogei pertsona hil dira gutxienez Irango protesta olde bortitzean
Ali Jamenei ayatollah Irango buruzagi gorenak "Iranen etsaiei" leporatu dizkie protestak, eta Israelek eta AEBk txalotu egin dituzte agintari irandarren aurkako ekintzak.
agentziak | erredakzioa
Gutxienez 9 pertsona hil dira bart Irango Isfahan probintziako hainbat hiritan (Teherandik 350 bat kilometrora), eta dagoeneko 20 dira Gobernuaren kontrako protesta bortitzetan hildakoak, bertako hedabideen arabera.
Bart hildakoen artean, sei Qahderiyanen hil ziren, komisaldegiaren aurkako erasoan, eta 11 urteko haur bat, Iraultzaren Zaindari bat eta polizia bat tirokatuta hil zituzten beste hiru hiritan.
Gainera, Said Shaoji Hamedan probintziako segurtasun eta politika gobernadoreordeak jakinarazi zuen beste hiru lagun hil zirela herenegun Tuiserkanen.
Hala, jada 20 dira Gobernuaren ustelkeriaren eta bizimodua garestitzearen aurkako protestetan hildakoak iragan abenduaren 28tik.
Irango Barne Ministerioak argi adierazi du ez duela manifestazioak egiteko baimenik eman eta Irango legediak "herrialdearen kudeaketaren, erakunde politikoen eta atzerri eta barne politiken aurkako" protestak zigortzen dituela.
Atxiloketak
450 manifestari inguru atxilotu dituzte azken hiru egunetan Teheranen, protestetan, segurtasun arduradun batek jakinarazi duenez. "Larunbatean 200 pertsona; igandean, 150; eta atzo, 100", Ali Asgar Naserbajt Teheran probintziako gobernadoreordearen esanetan.
"Iranen etsaiak"
Ali Jamenei ayatollahk, Irango buruzagi gorenak, "Iranen etsaiei" leporatu dizkie protestak, baina Israelek ukatu egin du horiek sustatu izana, nahiz eta "egiaren bidean Irango herriaren arrakasta" nahi duela adierazi.
Donald Trump AEBko presidenteak, berriz, txalotu egin du Twitterren Irango jendeak azkenean "Irango erregimen bortitz eta ustelaren aurka" egitea. Buruzagi amerikarrak Barack Obama aurreko presidentea kritikatzeko aprobetxatu du aukera, jokabide "inozoa" edukitzeagatik eta "zuzenean terrorismora eta euren poltsikoetara joan zen dirua" ematearren.