Mundua -

ALEMANIAKO GOBERNU BERRIA

Alemaniako SPD alderdiak Merkelekin berriro koalizioa egitea onartu du

Kongresuan atera den emaitzaren ostean, datorren astean ekingo diote negoziazio formalari, hauteskundeak izan eta lau hilabete betetzera doazenean.

Martin Schulz, SPDko burua, Angela Merkelekin. Argazkia: EFE
Martin Schulz, SPDko burua, Angela Merkelekin. Argazkia: EFE
Martin Schulz, SPDko burua, Angela Merkelekin. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak (SPD) baiezkoa eman dio Angela Merkelen alderdi kontserbadorearekin negoziaketak hasi eta Gobernu koalizioa berritzeari.

SPDren kongresu federala ospatu dute gaur Bonnen eta gehiengoa Martin Schulz liderraren alde agertu da. Honek preakordioa egina du Merkelekin koalizio Gobernua berregiteko. Alderdiaren gaztediak eta hainbat barne taldek nahiago zuten oposiziora joan, baina bozketan, 362 lagunek baietz bozkatu dute eta 279k kontra; beraz, boto-emaileen %56 koalizioa errepikatzearen alde agertu da.

Barne kritiken jakitun denez, Schulzek esan du "zigilu sozialdemokrata" ezartzen saiatuko direla preakordio horretan, eta sinatutakoa "hobetzen" saiatuko dela, besteak beste, osasun sistema publiko justuago bat, eta etorkinei familia elkartzeko trabak arintzea lortzeko.

Buruzagi sozialdemokratak esan du, gainera, legegintzaldi erdi aldera berrikusi egingo dutela sinatutakoa, Merkelekin gobernatzen badute, azkenean.

Kongresuan atera den emaitzaren ostean, datorren astean ekingo diote negoziazio formalari, hauteskundeak izan eta lau hilabete betetzera doazenean.

Gobernu akordioak aurrera eginez gero, 440.000 militante sozialdemokratek bozkatu beharko dute ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Alemania bideoak Angela Merkel Alderdi politikoak bideoak