Mundua -

Polonia

Poloniako Senatuak eztabaida handia sortu duen Holokaustoaren legea onartu du

Naziek Polonian eraikitako Auschwitz bezalako kontzentrazio-eremuei "heriotza eremu poloniarrak" deitzen dietenei hiru urterainoko espetxe-zigorra jarri ahal izango diete.

Auschwitzeko kontzentrazio-eremuaren sarrera. Argazkia: EiTB.
Auschwitzeko kontzentrazio-eremuaren sarrera.
Auschwitzeko kontzentrazio-eremuaren sarrera. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eztabaida handia sortu duen Holokaustoaren lege-proiektua onartu du Poloniako Senatuak asteazken honetan. Lege horren bidez, Alemania naziaren Holokaustoko hilketak Poloniarekin lotzea kriminalizatu egingo dute. Israelek eta AEBk kritikatu egin dute legea.

Naziek Polonian eraikitako Auschwitz bezalako kontzentrazio-eremuei "heriotza eremu poloniarrak" deitzen dietenei hiru urterainoko espetxe-zigorra jarri ahal izango diete, lege berriaren arabera.

Poloniako Gobernu eskuindarrak oinarri legala izan nahi du "kontzentrazio-eremu poloniarrak" adierazpena erabiltzen dutenei eta Poloniak nazionalsozialismoarekin (Hitlerren, alemaniar herriaren gidariaren, doktrina politikoa) nolabaiteko erantzukizuna izan zuela aditzera ematen dutenei zigorra jartzeko.

Legea kritikatzen dutenak, berriz, adierazpen askatasuna murrizteko erabiliko duten beldur dira; Poloniako juduen hainbat elkarteren ustez, legeak historia faltsutzea ekar dezake.

Poloniako agintariak azken hamarkadotan saiatu dira Holokaustoa gertatu zela zabaltzen, baina poloniarrak horren biktima izan zirela esanez, eta inongo erantzukizunik izan ez zutela nabarmenduta. Israelgo Gobernuak ere gogor kritikatu du testu berria, eta Poloniari historia aldatu nahi izatea egotzi dio.

Legea batez ere kazetariei zuzenduta dago, ezingo baitituzte artistak eta akademikoak jazarri. Legeak, halaber, edonori eragingo dio "edozein herritan dagoela ere", testuaren arabera.

Poloniako Gobernuak maiz salatu ditu atzerriko hedabideen adierazpenak, Auschwitzi "Poloniako kontzentrazio-eremua" deitu baitiote; izan ere, Polonian zabaldutako kontzentrazio-eremua da, baina naziek sortu eta zuzendu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Alemania Gaurko azken orduko albistea