Mundua -
Venezuela
Venezuelako oposizioak ez du apirileko hauteskundeetan parte hartuko
Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) Venezuelako oposizioaren koalizio nagusiak hauteskunde “ez-legitimoak” direla uste du.
Agentziak | Erredakzioa
Apirilaren 22ko presidentetzarako hauteskundeetan parte hartuko ez duela iragarri du Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) Venezuelako oposizioaren koalizio nagusiak, “ez-legitimoak” direlako. Blokeko zenbait fakziok aldez aurretik hartu dute erabaki berdina.
Dominikar Errepublikan lortutako “akordioa” defendatu du Angel Oropeza MUDeko bozeramaileak. Akordioaren arabera, “presidentetzarako hauteskundeak urteko bigarren seihilekoan egin behar dira” eta “berme” batzuekin, gutxienez 100 egun igarota.
“Bestela, Batasunak ez du iruzurra babestuko, ezta Venezuelako herriak ere”, ohartarazi du Oropezak prentsaurrekoan. “Benetako hauteskunde batzuetan” oposizioarekin indarrak neurtzeko desafioa egin dio Nicolas Maduroren Gobernuari.
“Show hutsa”
“Porrot egin duen eredu chavistari” aurre egiteko “uste sendo demokratikoa” defendatu du koalizioak. “Apirilaren 22ko baldintzarik gabeko ekitaldi goiztiarra Gobernuaren show hutsa da soilik, ez duen legitimotasunaren itxurak egiteko, venezuelarren agonia eta sufrimenduaren erdian.
Horregatik, gizarte eragile guztiak “fronte nazional zabala” osatzera deitu ditu, hauteskundeek bermeak izatea aldarrikatzeko. Zentzu horretan, MUDek bilerak eta elkarrizketak areagotuko ditu datozen egunetan. Era berean, “berreraikuntza nazionalerako” gobernu baten “funtsezko proposamenak” datozen egunetan iragarriko ditu.
Madurok Henrique Capriles (MUD) oposizioko hautagaia garaitu zuen 2013an, baina emaitza estu batekin. Apirileko hitzorduari areriorik gabe helduko dio Venezuelako presidenteak orain. Beste bost urteko agintaldia dago jokoan.