Mundua -

Hauteskundeak Italian

Renzik Alderdi Demokratikoko buruzagia izateari utziko dio, emaitza txarrak tarteko

Alderdi Demokratikoko buruzagiak dimisioa eman du hauteskundeetako “porrot argiaren” ondoren. Bestalde, oposiziora pasako direla aurreratu du Renzik.

Matteo Renzi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Matteo Renzi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Matteo Renzi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matteo Renzi Alderdi Demokratikoko buruzagiak dimisioa eman du astelehen honetan Italian, igandeko hauteskunde orokorretako "porrot argiaren" ondoren. Aliantzarik adostuko ez dutela eta bere alderdia oposiziora pasako dela aurreratu du Renzik.

Renzik agerraldia egin du, “porrot argia” onartzeko. Bestalde, “alderdian orrialde berri bat zabaltzea” defendatu du. Horrela, Parlamentua eta Gobernu berria osatu ondoren, alderdiko buruzagia izateari utziko diola iragarri du Renzik.

Renzik zehaztu duenez, buruzagi berri bat aukeratzeko alderdiaren batzar nazionala deitzea eskatu du dagoeneko. Gainera, barne-hauteskundeak beharrezkoak direla esan du.

Bere etorkizunari dagokionez, senatari arrunta izango dela adierazi du. Florentziako senatari aukeratu zuten igandean.

Lehen ministro ohiak azpimarratu duenez, hauteskundeak irabazi dituenak ez du gobernatzeko babes nahikorik. Zentzu horretan, hauteskunde-kanpainan agindutakoa mantenduko dutela argi utzi du Renzik: “Estremistekin gobernatzeari ez, ezta estremisten gobernurik ere”. “Gorrotoaren kulturari ezetz esan genionean, ez ginen txantxetan ari”, errepikatu du.

Horrela, Movimento 5 Stelle eta Ligaren “antieuropeismoak” bereizten dituela nabarmendu du Renzik. Alderdi Demokrataren aurkako, besteak beste, “mafioso” eta “ustelkeria” akusazioak bota dituzte, gogorarazi duenez. “Gobernua gu gabe osatu”, esan die.

"Oposizioan egongo gara"

“Horrela bada, gure lekua legealdi honetan oposizioan dago”, adierazi du Renzik. Alderdi Demokratak “gobernu antisistema” bati babesik emango ez diola berretsi du. Erantzukizuna beharrezkoa den une batean, “arduratsuak izango gara”, eta horregatik “oposizioan izango gara”, gaineratu duenez.

Igandeko hauteskundeetan emaitza txarrak lortu zituen Alderdi Demokratak, botoen % 19 baino gutxiago eskuratuta. Hala ere, Italiako bigarren alderdia izaten jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Albisteak Italiako albisteak Hauteskundeak