Mundua -
Nigeria
Boko Haramek aske utzi ditu Dapchi herrian bahitutako 105 neskato
Gatibualdian bost neska hil omen dituzte, eta taldeak bahitutako kristau bakarrak atxikita du oraindik. Gobernuak albistea baieztatu du, baina ez du askatutakoen kopurua zehaztu.
Agentziak | Erredakzioa
Boko Haram talde terrorista islamistak Dapchi herrian (Nigeria) duela hainbat aste bahitutako neskatoetako batzuk aske utzi ditu. Sahara Reporters egunkari digitalak zehaztu duenez, 105 dira libre utzitakoak. Gatibualdian bost adingabe hil omen dituzte, eta bahitutako kristau bakarrak atxikita jarraitzen du.
Egunkariak aipatutako iturrien arabera, Boko Harameko kideak bederatzi ibilgailutan heldu dira herrira. Etorrerak izua sortu dute herritarren artean, hilko zituztela uste izan baitute.
Aurrena Dapchi herritik gertu dagoen herrixka bateko neskatoa utzi dute aske, eta gero gainerakoak. Sahara Reporters-en arabera, bost neskato gatibualdian hil dituzte. Ez dago argi aske uztearren erreskatatzea ordaindu al duten.
Egunkariak zehaztu duenez, bahitutako kristau bakarra ez dute libre utzi, eta talde terroristaren esku dago oraindik.
Nigeriako Gobernuak albistea baieztatu du. Garba Shehu Nigeriako presidentearen bozeramaileak The Punch egunkariari esan dionez, "leku seguru batera eramaten ari gara. Gero emango ditugu xehetasun gehiago".
Hedabide nigeriarren arabera, bahitutako nesken gurasoek ere baieztatu dute alabak askatu dituztela. Gurasoak Muhamadu Buhadi Nigeriako presidentearekin bildu ziren joan den astean, eta horrek hitz eman zien adingabeak askatzeko eginahalak egingo zituela.
Nigeriako Gobernuaren kudeaketa zalantzan jarri dute
Chibok herrian 2014an egindako bahiketaren ondotik (270 neska bahitu zituzten orduan), Boko Haramek egindako bahiketarik handiena da Dapchikoa. Nigeriako Gobernuak bahiketaren aurrean izan duen jarrerak polemika eragin du. Izan ere, bahiketa izan zela ukatu zuen aurrena presidenteak, gerora baieztatu behar izan bazuen ere.
Amnistia Internazionalak asteartean salatu zuenez, Nigeriako Armadak ba omen zekien Boko Harameko kideak Dapchira joan behar zirela, baina ez zuten ezer egin saihesteko.