Mundua -
Estatu Batuak
Emakume batek tiroz hiru pertsona zauritu ditu Youtubeko egoitzan, eta suizidatu da
Antza, Nasim Aghdamek web gune bat kudeatzen du, eta Youtuberen aurkako protestak egin ditu han, ustez, bere bideoak blokeatu eta zentsuratu dituelako.
AGENTZIAK
Armatutako emakumezko bat YouTubek San Brunon (Kalifornia) duen egoitza nagusian sartu da eta hiru lagun zauritu ditu tiroz, komunikabide estatubatuarrek Poliziaren iturriak aipatuta zabaldu dutenez. Ondoren, bere buruaz beste egin du tirokatzaileak.
Estatu Batuetako agintarien arabera, emakumeak Nasim Aghdam zuen izena eta hori izan da tiroketa egin duena.
Hango hedabideen esanetan, ikerketa lehen fasean dago ordaindik, hortaz, ez dago garbi zergatik egin duen tiroketa.
Hasieran etxeko eztabaida izan zitekeela uste zuten, baina azken orduan jakin zuten Nasim Aghdamek web gune bat kudeatzen duela, eta horren Youtuberen aurkako protestak egin dituela, ustez, bere bideoak blokeatu eta zentsuratu dituelako.
Susmagarriaren iritzian, horren ondorioz ez du diru gehiagorik irabazi, ikus-entzunezko plataformara igotzen zuen edukiaren truke.
"YouTubek nire kanalak manipulatu zituen ikustaldiak izatea oztopatzeko", esan zuen Nasim Aghdamek bere web gunean.
CBS telebista kateak esan du hainbat lagun eraman dituztela ospitalera, baina ez dute argitu zenbat diren, ezta haien egoera larria den ere.
Googlek Twitter bidez mezua bidali du agintariekin elkarlanean ari direla eta informazio ofiziala emateko asmoa duela jakinarazteko.