Mundua -
Asanblea Nazionala
Venezuelako Parlamentuak Maduroren aurkako epaiketa abiaraztea erabaki du
Luisa Ortega Venezuelako fiskal nagusi ohiak egindako salaketa baten ostean hartu dute erabakia. Madurok Odebrecht enpresa eraikitzailearen eroskeria kasuarekin lotura duela esan zuen fiskal ohiak.
agentziak | erredakzioa
Venezuelako Asanblea Nazionalak (Gobernuaren aurkako oposizioaren esku dago) Nicolas Maduro presidentearen aurkako prozesu judiziala abiaraztea erabaki zuen atzo, asteartea, ustelkeria delituak egotzita, Gobernuaren aldekoek baliogabea dela ohartarazi arren.
Hala, oposizioko kideek gehiengoarekin ebatzi zuten "zantzu nahikoa dagoela Nicolas Maduro Morosen aurkako prozesu judiziala ustelkeriagatik jarraitzeko". Saioa bi ordukoa izan zen eta soilik oposizioko kideek parte hartu zuten.
Era berean, "Nicolas Maduro Moros eta Odebrecht enpresa eraikitzaileko beste funtzionario batzuen arteko loturetan ustelekeria delituak" daudelakoan ikerketarekin jarraitzea adostu zuten.
Gainera, Latinoamerikan zehaztu diren "ustelkeria delituak, Odebrecht Brasilgo enpresa eraikitzailearen jarduerarekin lotuta" ikerketak ere gehitu dituzte testura.
Luisa Ortega Venezuelako fiskal nagusi ohiak egindako salaketa baten ostean hartu dute erabakia. Madurok Odebrecht enpresa eraikitzailearen eroskeria kasuarekin lotura duela esan zuen fiskal ohiak.
Ortegak legelari venezuelar talde bati aurkeztu zion salaketa. Parlamentuak magistratu izendatu zituen talde horretako juristak, chavistek aurretik Auzitegi Gorena osatzeko izendatu zituen epaileak ordezkatzeko.
Jurista talde horri "erbesteko Auzitegi Gorena" deitu diote, Estatuak ez du aintzatesten, Parlamentuak izan ezik, baina Auzitegi Gorenak ganberaren erabaki guztiak baliogabeak uzten ditu.