Mundua -
Akordio nuklearra
Jameneik Trumpen erabakia espero zuen eta 'gezurrak' esan izana egotzi dio
Irango lider gorenaren hitzetan, Trump "oker" dago eta haren diskurtsoa "lerdoa eta gainazalekoa" izan da.
Agentziak | Erredakzioa
Ali Jamenei Irango lider gorenak Donal Trumpen erabakia espero zuela esan du gaur (asteazkena) 2015ean AEBk Iranekin sinatutako akordio nuklearra bertan behera utzi ostean. Halaber, Trumpen diskurtsoan "hamar gezur baino gehiago" antzeman zituela esan du.
"Jokaera lerdo eta gainazaleko hori ez dago guk uste genuenarekin kontraesanean. Aurreko AEBko presidenteen kasuan ere eman egin zen", azpimarratu du Jameneik haren webgune ofizialean.
"Erregimenari eta haren herriari mehatxu egin zion, hau eta beste esaten. Trump, Irango herriaren izenean esaten dizut: oker zabiltza", esan du.
Era berean, Iranek herrialdeko eragina edo misil balistikoen programak AEBrekin ezin dituela negoziatu adierazi du Jameneik; horiek negoziatzea onartzen baldin badute, Washintongek beste "arazoren bat" sortuko du. Bestalde, Europako herrialdeengan fidatzen ez dela esan du, ez baitu uste akordio nuklearra mantenduko dutenik.
Trumpek atzo iragarri zuen AEBk itun nuklearra utziko zuela eta Irani berriro zigor ekonomiko "handienak" ezarriko zizkiola.
Erabaki hori ezagutu ostean, Hasan Rohani Irango presidenteak oraingoz itunarekin jarraituko duela esateaz gain, gainerako sinatzaileekin negoziatuko duela esan du, Irango interesak bermaturik daudela egiaztatzeko.