Mundua -

Estatu Batuak

Trumpek Etxe Zurira joateko gonbidapena kendu dio Super Bowl irabazi duen taldeari

Talde horretako jokalari askok harrerara ez zirela joango iragarri zuten agintariaren politikaren aurrean protesta egiteko.

Donald Trump. Iturria: EFE
Donald Trump. Iturria: EFE
Donald Trump. Iturria: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Donald Trumpek, Etxe Zurira joateko gonbidapena kendu dio Philadelphia Eagles amerikar futboleko taldeari, Super Bowl ezagunaren LII. edizioa irabazi duen taldeari. Izan ere, agintariaren politikaren aurrean protesta egiteko, harrerara ez zirela joango iragarri zuten jokalari askok.

Ondorioz, Super Bowleko irabazleek ez dute garaipena AEBko presidentearekin batera ospatuko. Eagles taldeko jokalari askok ez zutela Etxe Zurira joan nahi jakin eta gero kendu zien gonbidapena Trumpek.

Eagles taldeko jokalari batzuek "ez zuten harro zutik jarri nahi izan himno nazionalaren aurrean, eskua bihotzean jarrita, herri honetako pertsona eta Armadako gizon-emakume handiak ohoratzeko", Etxe Zuriak zabaldutako komunikatuaren arabera.

Talde irabazlearen entrenatzaileak, Doug Pedersonek, maiatzean berretsi zuen taldeak gonbidapena onartuko zuela, baina ohartarazi zuen jokalari bakoitzak askatasun osoz erabakiko zuela bertara joan edo ez. "Lantzen ari garen gauza horietako bat da, baina aldi berean uste dugu bakoitzaren erabakia dela", esan zuen teknikoak.

Trump presidentea, bere aldetik, talde horretako zaleen alde agertu da, bertara joatekoak ziren mila zaleek "zerbait hobea merezi dute", esanez. "Etxe Zurira gonbidatuta daude oraindik, beste zeremonia desberdin batean parte hartzeko, gure herri handia ohoratu eta berau babesten dutenak omentzeko, gure ereserkia bere osotasunean entzunez", adierazi du.

2017an Donald Trumpek esan zuen jokalariek zutik entzun behar zutela himnoa eta ez belauniko. Adierazpen horrek eragin zuen amerikar futboleko jokalari batzuk minduta sentitzea eta belauna belar gainean jarrita entzuten hastea. Eztabaida bizia eragin zuen. AEBko Amerikar Futbolaren Liga Nazionalak (NFL) taldeei isuna jartzea erabaki zuen jokalari batek errespetu falta erakutsiz gero himno nazionalaren aurrean.

Twitter sare sozialean duen kontu pertsonalean, AEBko presidenteak esan du "himno nazionala jotzen ari den bitartean aldagelan egotea belauniko jartzea bezain iraingarria da gure herriarentzat".

"Harro jarri behar duzu zutik himno nazionalaren aurrean. Edo ez zenuke jokatzen egon behar, ez zenuke hemen egon behar. Beharbada ez zenuke herri honetan egon behar", esan du Trumpek elkarrizketa batean, NFL ligak araudi berria onartu ondoren.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak albisteak Donald Trump albisteak