Mundua -
Finlandia
Lehenengo Putin-Trump goi-bilera uztailaren 16an izango da, Helsinkin
Munduko bi potentzia handienek egingo duten lehenengo aldebiko goi-bilera izango da, Moskuren eta Washingtonen arteko tentsio gogorraren erdian.
agentziak | erredakzioa
Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Donald Trump AEBetakoa uztailaren 16an bilduko dira, Helsinkin (Finlandia). Horixe baieztatu dute bai Kremlinek bai Etxe Zuriak.
Munduko bi potentzia handienek egingo duten lehenengo aldebiko goi-bilera izango da, Moskuren eta Washingtonen arteko tentsio gogorraren erdian.
"Negoziazioetan Errusia-AEB harremanen egungo egoeraz eta aurreikuspenaz, eta nazioarteko agendaz hitz egitea espero dugu", adierazi dute Kremlinen oharrean.
Yuri Ushakov Nazioarteko Gaietarako Putinen aholkulariak, berriz, aurreratu du Siriako egoera, aldebiko harremanak, Ukrainako gatazka, desarme nuklearra, Ipar Korea eta Irango akordio nuklearra jorratuko dituztela, besteak beste.
Dena dela, goi bilera baino lehenago, litekeena da Serguei Lavrov Atzerri gaietarako ministro errusiarra eta Mike Pompeo AEBtakoa elkartzea goi-bilera prestatzeko.
Data eta lekua atzo hitzartu zituzten Putinek berak eta John Bolton AEBetako Segurtasun Nazionaleko aholkulariak, Moskun egindako bilera batean.