Mundua -
Nikaragua
Gutxienez 448 hildako izan dira Nikaraguan, krisiaren lehendabiziko 100 egunetan
Halaber, 2.800 lagun zauritu dira eta 595 desagertuta daude, Daniel Ortegaren Gobernuaren kontrako protestatan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nikaraguako giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gutxienez 448 pertsona hil dira herrialde horretan Daniel Ortega presidentearen kontrako protestak duela 100 egun hasi zirenetik. Halaber, 2.800 zauritu dira eta 595 lagun desagertuta daude.
Alvaro Leiva erakunde horretako idazkari exekutiboak eman ditu datuak eta zehaztu du biktimen zerrenda hori behin-behinekoa dela, hainbat kasu baieztatzeko zailtasunak izaten ari direlako.
Giza Eskubideen Ameriketako Batzordeak, berriz, hildakoak 295 zirela adierazi zuen atzo, eta Nikaraguako Gobernuari "hilketak eta epaiketarik gabeko exekuzioak egitea eta herritarrak arbitrarioki atxilotzea, tratu txarrak ematea eta torturatzea" leporatu zion.
Leivak azaldu du zaurituta dauden 2.800 lagun horietako askok betirako ondorioak izango dituztela. Horrez gain, zenbait tokitan sartu eta hildakorik izan den ala ez egiaztatzeko oztopoak jartzen dizkietela salatu du.
Nikaraguako giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundea 1986an sortu zen eta errespetu handia diote herrialdean.
1980ko hamarkadatik inoiz izan duen krisi sozio-politiko larriena bizi du egun Nikaraguak. Gobernuak ukatu egin du hilketa horien erantzulea denik eta indarkeriaren atzean "estatu kolpea eman nahi duten talde terroristak" daudela berretsi du.