Mundua -

Durango

Hegazkin bat erori da Mexikon, aireratu eta handik gutxira, biktimarik eragin gabe

Hegazkinean zeuden 103 pertsonak salbu daude, eta ia guztiek sendagiria jaso dute. Orain, istripua zerk eragin zuen aztertzen ari dira.

Istripua Durangon izan da. Argazkia: EFE
Istripua Durangon izan da
Hegazkin bat erori da Mexikon, eta ez da inor hil

0:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aeromexico airelineako hegazkin batek istripua izan du asteartean, Durangoko Aireportuan aireratu eta gutxira, enpresak berak baieztatu duenez. Ez da hildakorik izan, baieztatu dute agintariek.

"Animatzen eta konprometitzen gaituena hildakorik ez izatea da. Arreta eta aholkua eman nahi diegu eskatzen duten familiei, eta egoera jarraituko dugu ospitaleetan, hegazkinean zeuden 103 pertsonak beharrezko arreta jaso dezaten", Jose Rosas Aispuro Durangoko gobernatzaileak prentsaurreko batean adierazi duenaren arabera.

"101 bidaiari identifikatu dituzte, beste biak haien senideekin joan direlako etxera. Denek zegokien arreta jaso dute eta, orain, haien egoera jarraitze da konpromisoa", baieztatu du.

"Une honetan kabineteko pertsona batzuk, Rosario Castro Lozanok gidatuta, zaurituei arreta ematen ari diete, eta aireportuko agintariekin lanean ari dira", gaineratu duenez.

"Ospitaleetan bidaiari gehienak artatu dituzte, orain ia guztiek jaso dute sendagiria eta beste askok ez dute ospitalera joan behar", gobernatzailearen hitzetan. 49 pertsona zaintzapean daude eta bi ume artatu dituzte, erredurengatik.

Pilotuari, era berean, larrialdiko ebakuntza egin behar izan zioten lepoko lesio bat zela eta, baina egonkor dago. "Agintari erantzuleak zehaztuko du istripua zerk eragin zuen. Aireportuak zabaldik daude eta hegaldiak normaltasunez ari dira", esan du.

"Aeromexicoko zuzendaria berehala jarri zen harremanetan, eta enpresa ikerketan laguntzeko eta bidaiariak, horien familiak eta tripulatzaileak babesteko prest dagoela adierazi zuen, baieztatu du Aispurok.

2431 hegaldiak Durango eta Mexiko Hiriaren arteko bidea egin behar zuen. Hegazkinak Guadalupe Victoria Nazioarteko Aireportuan aire hartu zuen, 15:08ean (hango ordua).

"Informazio gehiago lortzeko lanean ari gara, eta zehaztasun gehiago emango ditugu, baieztatu ondoren. Gure lehentasuna bezeroen eta tripulazioaren segurtasuna bermatzea da, eta horretarako ari gara lanean", azpimarratu du Aeromexicok.

Istripuaren eragileei dagokienez, "kontrol dorretik haize-korronte bortitzak antzeman zituzten, eta baliteke horiek istripua eragitea", esan du gobernatzaileak. Halere, berretsi duenez, ez du "iritzirik aurreratu nahi, dagokionak zehaztu behar baititu eragileak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mexiko argazkiak Albisteak