Mundua -
Abortua
Abortuaren aldeko protestak Argentinan, Senatuan ezezkoa nagusitzen ari den bitartean
Datu ofizialen arabera, Argentinan 354.627 abortu egiten dira urtero, baina badirudi Senatuak ezezkoa emango diola legeari.
agentziak | erredakzioa
Abortuaren aldeko milaka pertsona elkartu dira Argentinako Parlamentuaren inguruan, Senatuan haurdunaldia nahita etetea legalizatzeko proiektua eztabaidatzen ari diren bitartean. Ezezkoaren aldeko batzuk ere, askoz gutxiago, elkartu dira Senatutik gertu, eta badirudi ganbera horrek ezetz esango diola proiektuari.
Buenos Aireseko hainbat auzotako balkoiak eta farolak Abortu Seguru, Legal eta Doakoaren aldeko Kanpaina Nazionaleko zapi berdeekin apainduta esnatu dira, Diputatuen Ganberak onartu zuen proiektuak Senatuaren oniritzia jasotzearen aldeko ikur gisa.
"Milaka emakume hiltzen dira, eta hau legeztatu beharra daukagu, abortuak egiten jarraituko baitute: legez kanpoko abortuak egiten dira poltsikoak diruz betetzen ari diren medikuak daudelako", adierazi du Gabriela Jano Kanpaina Nazionaleko kideak.
Berdez jantzita eta margotuta, Kongresuko Plazan dago goizean goizetik milaka emakumerekin batera legezko abortuaren alde oihu egiten, urtean 354.627 abortu egiten baitira Argentinan, eta legearen bermea izan nahi dute.
"Kaleetan irabazi dugu, mundua alde dugu, eta hori lorpena da borroka feministarentzat, lorpena da emakume guztientzat. Hau ez da horrela geratuko", ohartarazi du.
Hala ere, Senatuan ezezko joera ari da nagusitzen, 72 senataritik 38k kontrako botoa emango dutela iragarri baidute, eta 31k soilik aldeko botoa emango dutela.
Emaitza horixe txalotzen dute plazaren beste aldean daudenek. Izan ere, abortuaren aurkako protestari batzuk elkartu dira, aldekoak baino askoz ere gutxiago, "bi bizitzen alde" oihu egiten.