Mundua -

Brasil

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentegaiari labanaz eraso diote mitin batean

Hautagai ultraeskuindarra sabelaldean sastakatu dute, eta odol asko galdu du, baina egonkor dago. 40 urteko gizon bat atxilotu dute erasoa egin izana egotzita.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jair Bolsonaro presidentegai ultraeskuindarrari labanaz eraso zioten atzo, osteguna, Juiz de Fora hirian (Brasil), hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean parte hartzen ari zenean. Sabelaldean sastakatu zuten, eta larri ospitaleratu zuten baina egonkor dago.

Urriaren 7an egingo dituzte hauteskunde presidentzialak Brasilen, eta Bolsonaro izango omen da garailea, inkesten arabera.

"Jair Bolsonaro atentatu baten biktima izan da. Sabelaldean labankada jaso du, baina, Jainkoari esker, azaleko zauria izan da, eta ondo dago", zabaldu zuen haren semeak, Flavio Bolsonarok, Twitter sare sozialean.

Erasoa Juiz de Fora hirian gertatu zen. Alderdi Sozial Liberaleko jarraitzaileek Bolsonaro bizkarrean zeramatela, ezustean, gizon batek labana sartu zion sabelaldean.

Sare sozialetan zabaldutako irudietan, buruzagi ultraeskuindarra lurrean iraulkatzen ari zela ikus daiteke erasoa jasan ostean, baina ez da erasotzailea ikusten, une horretan jendetzaz inguratuta zegoelako.

Poliziak jakitera eman duenez, Adelio Bispo de Oliveirak (40 urte) aitortu egin du berak eraso diola Jair Bolsonarori.

Hautagai ultraeskuindarra pertsonaia polemikoa da, izan ere, Brasilgo azken diktadura militarraren defendatzailea da, eta hainbat adierazpen matxista, arrazista eta homofobo egin ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Brasil