Mundua -

Hauteskundeak

Ezkerra nagusitu da Suedian, baina eskuin muturrak izango du giltza

Stefan Löfven lehen ministroaren Alderdi Sozialdemokratak botoen % 28,2 eskuratu du, eta atzetik geratu da Alderdi Moderatua (% 19,6) eta Suediako Demokratak ultraeskuindarrak (% 17,7).

Stefan Löfven Suediako lehen ministro eta Alderdi Sozialdemokrataren burua. Argazkia: Efe
Stefan Löfven Suediako lehen ministro eta Alderdi Sozialdemokrataren burua. Argazkia: Efe
Stefan Löfven Suediako lehen ministro eta Alderdi Sozialdemokrataren burua. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuko bloke ezkertiarra izan da nagusi igandean Suedian egin dituzten hauteskunde orokorretan, % 40,6ko babesarekin, eskuin-zentroko Aliantzaren aurretik (% 40,1), botoen % 84 zenbatuta. Hala ere, Suediako Demokratak eskuin-muturrekoak (% 17,7) izango du Gobernua osatzeko giltza.

Suediako telebista publikoak emandako datuak baieztatuko balira, Stefan Löfven lehen ministroaren Alderdi Sozialdemokrata izango litzateke irabazlea botoen % 28,2 eskuratuta, eta atzetik geratuko lirateke Alderdi Moderatua (% 19,6) eta Suediako Demokratak eskuin-muturrekoak (% 17,7). Laugarren geratuko litzateke Alderdi Zentrista (% 8,6), Ezkerraren (% 8), Alderdi Kristau-demokrataren (% 6,4), Alderdi Popular Liberalaren (% 5,5) eta Berdeen (% 4,4) aurretik.

Emaitzak baieztatuz gero, honela geldituko litzateke Parlamentua: 100 diputatu sozialdemokrata (aurreko legegintzaldian baino 13 gutxiago), 70 moderatu (14 gutxiago), eskuin-muturreko 63 (14 gehiago), 31 zentrista (9 gehiago), Ezkerra alderdiko 28 (7 gehiago), 22 kristau-demokrata (6 gehiago), 19 liberal (kopuru bera) eta 16 ekologista (9 gutxiago). 349 ordezkari daude Suediako Parlamentuan; beraz, 175 diputaturen babesa behar da gehiengoa lortzeko.

Suediako Demokratak eskuin-muturrekoak alderdi nagusien artean kokatu nahi du, segurtasunaren defentsaren aldeko eta migratzaile eta errefuxiatuen kontrako mezuarekin. Aurreko hauteskundeetako emaitzak hobetu ditu, baina inkestek aurreikusten ziotenetatik eta buruzagiek espero zuten % 20ko langa horretatik urrun geratu da. Dena den, Gobernua osatzeko negoziazioetan paper garrantzitsua izatea espero du Jimmie Akesson buruzagiak. Are gehiago, eskuin-muturrekoen edo sozialdemokraten artean aukeratzeko eskatu dio Ulf Kristersson eskuin-zentroko Aliantzako buruari.

Kristerssonek, bere aldetik, dimisioa emateko eskatu dio lehen ministroari. "Aliantzak ez du Suediako Demokratekin gobernatuko, ezta gobernu osaketari buruz eztabaidatuko ere", gaineratu du.

Stefan Löfven Suediako lehen ministro eta Alderdi Sozialdemokrataren buruak lanean jarraituko duela azpimarratu du, Kristerssoni erantzunez.

Migratzaileen auzia egon da hauteskunde kanpainaren erdigunean. 2015ean, 163.000 pertsonak eskatu zuten asiloa Suedian. Ondorioz, proportzioan asilo-eskatzaile gehien hartu zituen Europako herrialdea izan zen, 10 milioi biztanle baititu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken ordukoa Suedia