Mundua -
Peru
Alberto Fujimoriri emandako indultua baliogabetu egin dute
Peruko Justizia Gorte Gorenak ebatzi du indultuak ez duela oinarri juridikorik, eta, ondorioz, Fujimori atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua eman du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Peruko Justizia Gorte Gorenak baliorik gabe utzi du abenduan Alberto Fujimoriri eman zioten indultua, eta, ondorioz, hura atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua eman du, Botere Judizialak Twitter bidez jakinarazi duenez.
Arrazoi humanitarioak argudiatuta, Pedro Pablo Kuczynski Peruko Gobernuko presidenteak indultua eman zion Fujimoriri 2017ko abenduaren 24an.
Erabaki horren kontra jarritako helegite zibil bati bidea emanda, indulturako ebazpenak oinarri juridikorik ez duela ondorioztatu du orain epaimahaiak.
Ondorioz, baliorik gabe utzi du indultua, eta Peruko presidente ohia (1999-2000) atxilotzeko eta kartzelatzeko agindua eman du.
Miguel Perez defentsako abokatuak esan du Fujimori "atsekabetuta" eta "oso kezkatuta" dagoela, eta erabaki hori legezkoa ote den galdetu duela.
Perezek adierazi du ebazpena onartzen duela, baina "ikuspuntu juridikotik zalantzazkoa da", gaineratu du, eta, hori dela eta, epaiaren aurka apelazio-helegitea aurkeztuko duela iragarri du.