Mundua -

Interpol

Interpoleko presidentea desagertu da Txinan

Meng Hongwei irailaren 29an joan zen Txinara hegazkinez. Zenbait komunikabideren arabera, Txinako agintariek atxikita omen dute.

Meng Hongwei Interpoleko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Meng Hongwei Interpoleko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Meng Hongwei Interpoleko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Meng Hongwei Interpoleko presidentea desagertuta dago. Joan den irailaren 29an hegaldi bat hartu zuen Txinara joateko, eta orduz geroztik, familiak ez du haren berririk.

Interpolen egoitza nagusia Lyonen (Frantzia) dago eta Meng hiri horretan bizi da bere familiarekin batera. Egun batzuk igaro ostean senarraren berririk ez zuela ikusita, emazteak Poliziarenagana jo zuen atzo, eta jendarmeek ikerketa bat  jarri dute abian.

Txinako zenbait komunikabideren arabera, Meng ikerketapean zegoen herrialde horretan eta, ondorioz, Txinako agintariek atxikita izan lezaketela uste dute.

Lyongo Polizia Judizialak hartu du desagertzea ikertzeko ardura.

Bitartean, Interpolek ohar labur bat argitaratu du, auzia Frantziako eta Txinako agintarien esku dagoela esateko eta, presidentea desagertuta egon arren, erakunde horren jarduna normaltasunez gauzatuko dela azpimarratzeko, Jürgen Stock Interpoleko idazkari nagusiaren ardurapean daudelako operazioak.

Bestalde, Frantziako Barne Ministerioak adierazi du "kezkatuta" dagoela Interpoleko presidentearen desagertzeagatik eta haren emaztearen kontrako mehatxuengatik. Halaber, familiaren segurtasuna bermatzeko polizia-dispositibo jarri dutela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Albisteak