Mundua -
Turkia
Khashoggi kazetaria torturatu eta hil egin zutela dio Turkiako egunkari batek
Bestalde, Turkiako Poliziak Saudi Arabiako kontsul nagusiaren etxea miatu du Istanbulen. Jamal Khashoggi urriaren 2an desagertu zen, Saudi Arabiaren kontsulatuan sartu zenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkiako Yeni Safak egunkariak asteazken honetan zabaldu du Jamal Khashoggi kazetari saudiarabiarra torturatu eta hil egin zutela Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan, eta hilketa hori frogatuko lukeen grabazio bat duela ziurtatu du.
Khashoggi urriaren 2an desagertu zen, Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatura joan zenean.
Turkiako komunikabidearen arabera, egun berean 15 saudiarabiarrez osatutako talde bat iritsi zen Istanbulera, eta kazetariari atzamarrak eta lepoa moztu zizkioten.
Egunkariak ez du iturririk aipatzen, baina Mohamed Otaibi kontsul saudiarabiarrak talde horretako kideekin izan zuen elkarrizketa baten grabazioa daukala dio.
Elkarrizketan horretan, hilketa kontsulatuan ez burutzeko eskatzen die kontsulak, baina sikarioek isiltzeko agintzen diote, "Saudi Arabiara bueltatzean bizirik jarraitu" nahi badu.
Bestalde, Turkiako Poliziak Jamal Khashoggi kazetariarekin zer gertatu den argitu nahian segitzen du eta gaur Saudi Arabiako kontsul nagusiak Istanbulen duen etxea miatu du, EFE agentziak jakinarazi duenez.
Astelehenean, etxe horretatik 200 bat metrora dagoen kontsulatu saudiarabiarra miatu zuten.