Mundua -

Haren estradizioa eskatu dute

Huaweiko finantza-zuzendaria atxilotu dute Kanadan, AEBk eskatuta

Hilaren 1ean atxilotu zuten Wanzhou Meng, Washingtonek Irani ezarritako zigorrak ustez bortxatu izateagatik.

Wanzhou Mengek, AEBren esanetan, Irani ezarritako zigorrak bortatxu zituen. Argazkia: EFE.
Wanzhou Mengek, AEBren esanetan, Irani ezarritako zigorrak bortatxu zituen. Argazkia: EFE.
Wanzhou Mengek, AEBren esanetan, Irani ezarritako zigorrak bortatxu zituen. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanadako agintariek Huawei txinatar erraldoi elektronikoko finantza-zuzendari Wanzhou Meng atxilotu dute, Ameriketako Estatu Batuetara estraditatzea xede, Washingtonek Irani ezarritako zigorrak ustez bortxatu izateagatik; hala eman du jakitera Kanadako Gobernuak, ostegun honetan, ohar baten bidez.

Kanadiako Justizia Ministerioak zabaldu duenez, Wanzhou Meng, 46 urtekoa bera, Vancouverren atxilotu zuten, hilaren 1ean, eta auziaren xehetasunak sekretuan daudela, epaileak hala aginduta.

Ostiralean, bista egingo dute; bertan, zehaztuko dute konpainiako sortzailearen alaba den Huaweiko exekutiboa, AEBrako estradizioaz eztabaidatzen ari diren bitartean, fidantzapeko askatasunean utziko duten ala ez.

'The Globe and Mail' egunkariak adierazi duenez, atxiloketa eta estradizioa AEBko agintariek eskatu dute; izan ere, Wanzhouk, ustez, bortxatu ditu Ameriketako Estatu Batuek Irani ezarritako zigor ekonomikoak.

Atxilotutako exekutiboa 2011tik da Huaweiko finantza-zuzendaria, eta enpresako administrazio-kontseiluko presidenteordea da, gainera.

Huawei, AEBko "segurtasun nazionalerako mehatxua"

1987an sortu zuten Huawei, eta, egun, telekomunikazio-ekipoko fabrikatzailerik handiena da, mundu-mailan; halaber, telefono mugikorretako fabrikatzailerik nagusienetakoa da.

AEBko agintariek ohartarazi dute Huawei mehatxua dela segurtasun nazionalerako; izan ere, ustez, loturak ditu Txinako Gobernuarekin eta azken horren segurtasun-zerbitzuekin.

2011tik, Washingtonek erabakita du ez erostea Huaweik ekoiztutako zerbitzaririk; gainera, aurtengo maiatzean, Pentagonoak debekatu zuen txinatar fabrikatzailearen telefonoak saltzea bere baseetan.

Hainbat senatari estatubatuarrek eskatu zioten Kanadako Gobernuari ez erabiltzeko Huaweiren ekiporik herrialdeko telekomunikazio-sareetan; izan ere, beldur ziren, ekipo horiek Txinako Gobernuak espiatzeko baliatu ahal zituelako, haien iritziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak albisteak Txina Iran albisteak Kanada albisteak