Mundua -
Brasilgo Gobernu berria
Bolsonarok ideia 'komunistak' dituzten funtzionarioak kargugabetuko ditu
Presidente ultraeskuindar berriak ez du baztertzen AEBko base militar bat Brasilen ezartzea.
Agentziak | Erredakzioa
Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen Gobernuak administrazio publikoaren egitura aztertu eta ideia "komunistak" defendatzen dituzten funtzionarioak kargutik kenduko dituela jakinarazi du Onyx Lorenzoni Presidentetzako ministroak.
Erabakia Bolsonarok eta bere 22 ministroek egindako lehen bileran hartu zuten, Lorenzoniren esanetan; izan ere, "30 urteotan egungo kaosera eraman gintuzten ideia sozialistei eta komunistei nahikoa da esan zion gizarteak" urrian hautagai ultraeskuindarrak irabazitako hauteskundeetan.
Lorenzoniren hitzetan, "orain arteko Gobernua mantentzeak ez du zentzurik, beste ideia batzuk defendatzen dituzten edo gizarte antolaketa ezberdina defendatzen duten pertsonekin". Horrenbestez, bere Ministerioan aldi baterako kontratua hitzartuta duten 300 funtzionario kargugabetuko dituela jakinarazi du.
EAEko base militar bat Brasilen
Bestalde, AEBko base militar bat Brasilen ezartzeko aukera ez duela baztertzen esan du Bolsonarok. Base militar horrek, Brasilek atzerri politikan izan duen jokabidean aldaketa handia ekarriko luke.
"Nazioartean gertatzen denaren arabera, baliteke etorkizunean ideia hori eztabaidatu behar izatea", esan du Bolsnarok AEBko base militarraren harira. "Brasilek gorentasuna izan nahi du Hego Amerikan", gaineratu du.
Horrenbestez, Bolsonarok AEBrekin eta Israelekin harremanak areagotu nahi ditu. Augusto Heleno Bolsonaroren segurtasun nazionaleko aholkulariak jakinarazi duenez, Gobernu berriak Jerusalemera eraman nahi du Brasilgo enbaxada Israelen, baina arazo logistikoak direla eta, orain arte ezin izan dutela egin gaineratu du.
Erretiro-pentsioen erreforma
Datorren astean Gobernu berriko ministroek bere lehentasunak azalduko dituzte, erretiro-pentsioen harira sisteman erreforma sakona egiteko.
Bolsonaroren asmoen artean, Brasilgo ekonomiaren liberalizazioa dago, baita sozialismoa atzean uztea eta narkotrafikoarekin amaitzea. Hezkuntza mailan, esaterako, neurri kontserbadoreak bultzatu nahi ditu.
Pribatizazioak bultzatzeko, espetxeratze zigorrak gogortzeko eta indigenen lurraldeen erreklamazioen inguruko erabaitzeko boterea Nekazaritza Ministerioari emateko planak ere aurkeztu ditu Brasilgo presidente berriak.