Mundua -

Frantzia

Gutxienez 13 pertsona zauritu dira Lyonen izandako eztanda batean

Poliziak gizonezko bat bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "eraso"tzat jo du gertakaria, eta hildakorik ez dela izan zehaztu du.

Lyonen eztanda izan den lekua. Foto: Auvergne-Rhone-Alpes eskualdeko Prefektura
Lyonen eztanda izan den lekua. Foto: Auvergne-Rhone-Alpes eskualdeko Prefektura
Lyonen eztanda izan den lekua. Foto: Auvergne-Rhone-Alpes eskualdeko Prefektura

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 13 pertsona zauritu dira Lyongo (Frantzia) erdigunean izandako eztanda batean, Prefekturako iturriek jakinarazi dutenez. Poliziak gizonezko susmagarri bat bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du.

Le Figaro egunkariak jakitera eman duenez, zauritutako 11 ospitaleratu dituzte, baina ez dute horien egoeraren berri eman.

Polizia-iturrien arabera, baliteke lehergailua bizikleta batean zihoan maskaradun gizon batek jaurti izana, ihes egin aurretik. Oraingoz ez dute gizon horri buruzko xehetasunik zabaldu.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "eraso"tzat jo du gertakaria, eta hildakorik ez dela izan zehaztu du.

Leherketa Bellecour plazan gertatu da. Prefekturako bozeramaile batek azaldu duenez, "egoera kontrolpean" dago, eta Poliziak segurtasun eremua ezarri du inguruan.

Eztanda 17:30ean jazo da. Poliziak ingurura ez gerturatzeko deia egin du, larrialdi zerbitzuen lanak ez eragozteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Atentatuak