Mundua -
Hauteskundeak
Massaren eta Mileiren kanpaina itxieraren ostean, Argentina osoa igandeko hauteskundeei begira jarri da
Inkestek ez dute garaile argirik aurreikusten; beraz, badirudi lehia oso estua izango dela presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian.
agentziak | eitb media
Sergio Massa Argentinako Ekonomia ministroak eta Javier Milei eskuin muturreko diputatuak kanpaina ixteko ekitaldiak egin dituzte bart, igandeko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliari begira, inkestek estua aurreikusten duten lehiaren atarian.
Mileik, La Libertad Avanza eskuin muturreko alderdiaren buruak, Cordoban egin du bere azken ekitaldia, herrialdeko bigarren hauteskunde barruti jendetsuenean, euforia eta garaipen irudia erakusten.
"Garrantzitsuena da igande honetan zutik jartzea, historia iraultzea eta Argentinaren berreraikuntzaren bideari ekitea", adierazi du Mileik, hau gehitu aurretik: "Botoak baditugu, eta irabazi egingo dugu. Gora askatasuna, demontre!".
Massak, bestalde, eremu itxiak aukeratu ditu azken ekitaldirako: herrialdeko enpresa erakunde handienen eta Buenos Aireseko bigarren hezkuntzako zentro publiko bateko ikasleen aurrean hitz egin du.
"Ziur egon zaitezte. Argentinan gobernatzeko ardura hartzen badut, nire arima eta indar guztia jarriko ditut gaur egun utopia bat den baina egia bihur dezakegun herri hori eraikitzeko", adierazi du Massak ikasleen aurrean.
Urriaren 22an, lehenengo itzulian, Massak ezustekoa eman zuen eta irabazle izan zen % 36,78ko babesarekin, Mileiren (% 29,99) aurretik. Tentsio politikoak gora egin du bien artean eta herrialde osoan, kanpaina abiatu zenetik.
Mauricio Macri presidente ohiak (2015-2019) eta Patricia Bullrich lehenengo itzulian hirugarren izan zenak Mileiri babesa emango diotela iragarri izanak hautsak harrotu ditu Juntos por el Cambio zentro-eskuineko koalizioan, eta buruzagietako batzuek neutraltasuna agertu dute edo uko egin diote Mileiri babesa emateari.
Bien bitartean, Massak batasun gobernu bat osatzeko eta bertan oposizioko kideak sartzeko konpromisoa hartu du. Horri esker, peronista disidente batzuen babesa eskuratu du.
Hori horrela, igandeko emaitza ez dago batere argi. Jendea asko zalantzan dago, botoa nori emango, eta azken asteotan argitaratutako bederatzi inkestetatik bostek Mileiri ematen diote garaipena, eta lauk Massari. Dena den, bien arteko aldea inkesten errore marjinaren bestekoa da.
Gaur goizean hasi da gogoeta epea. Kartak mahai gainean daude, eta igandean gehiengo sinplez irabazpen duena izango da herrialdeko Gobernuko presidentea abenduaren 10etik aurrera, lau urtez.