Itxi

Felipe Etxebarria

Sinadura

Scholz kantzilerraren bidaia, herrialde baltikoen mesfidantzari aurre egiteko

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Estonia, Letonia eta Lituania ez dira Errusiaren umiliazioaren beldur, baizik eta beraien kontura egindako Mendebaldearen umiliazioarena eta mesfidantzaz begiratzen diote Scholtzek eta Macronek Putinekin egiten duten telefono-bidezko diplomaziari.

Olaf Scholz, Alemaniako kantzilerra, herrialde baltikoetan dago gaur. Horiek ez dute begi onez ikusten Macron presidenteak eta biek Moskurekiko duten jarrera bateratzailea. Macronek Errusia ez dela umildu behar esan izanak kezkak handiak piztu ditu herrialde sobietar ohi hauetan. Gogoratu behar da, independentzia lortu eta berehala eskatu zutela NATOn sartzea.

Estonia, Letonia eta Lituania ez dira Errusiaren umiliazioaren beldur, baizik eta beraien kontura egindako Mendebaldearen umiliazioarena. Herrialde hauen konfidantza berreskuratzeko helburuz bilduko da gaur Scholz kantzilerra hiru herrialde hauetako buruzagiekin Vilniusen, Lituaniako hiriburuan. Herrialde hauek Errusiarekiko beste filosofia bat daukate. Beren esperientziak erakusten die ez direla gutxietsi behar Errusiaren asmo espantsionistak.

Herrialde hauek beti ohartarazi dutenez, Errusiaren errebantxismoa pizten duen ideia zera da: "errepublika sobietar ohi disidente hauek" Ama Aberriarenganako esker txarragatik Moskurekiko loturak apurtzen saiatu direla. Ukrainako erasoarekin, ohartarazpen hauek egia bihurtu dira, modurik mingarrienean. 

Herrialde baltkoek mesfidantzaz begiratzen diote Scholzek eta Macronek Putinekin egiten duten telefono-bidezko diplomaziari, (azkenekoan hiru aldetarakoa). "Alemania eta Frantzia errusiarren eraso berri baterako terrenoa prestatzen ari dira", kritikatzen zuen duela gutxi Marko Mihkelson, Estoniako parlamentuko atzerri politikarako batzordeko presidenteak. Eta zera galdetzen zuen: "Nork sinesten du benetan Putinen promesetan?"

Beraz, ulertezinak dira herrialde hauentzat Macronek egindako adierazpenak, irtenbide diplomatikoa lortzeko ez dela Errusia umiliatu behar, alegia. Scholzek errefusatu egin ditu kritika horiek, esanez, Putinek ez duela, oraingoz, bere helburuetako bat bera ere lortu.

Baina borroka lekura begiratuz gero, ikusten da Putinek bere helburu batzuk dagoeneko lortu dituela. Lortu du Errusia eta Krimearen artean lurreko korridorea, nahiz eta ez duen oraingoz lortu Donbass osoa menderatzea.

Macronek eta Scholzek gerra honetan tartekari papera lortu nahi dute. Horrela lan hori Erdogan Turkiako presidentearekin baino esku hobeetan egongo litzateke. Baina,  oraingoz, ez dirudi Putin prest dagoenik negoziazio bidea hartzeko.