Teknologia -
Jabetza intelektuala
Deskargen webgune bat itxi eta administratzailea atxilotu dute
queveohoy.com-en administratzaileak 100.000 euro inguru irabazi omen zituen publizitatearekin, urtean jasotako bi milioitik gora bisitei esker.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Poliziak ikus-entzunezko edukiak deskargatzeko aukera ematen zuen webgune bat (queveohoy.com) itxi eta horren administratzailea atxilotu du, legez kanpoko prozeduren bitartez 100.000 euroko irabaziak lortu izana leporatuta.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, duela hiru urte sortu zuten domeinua, jabeen izena ezkutatuta, eta enpresaren helburu gisa ibilgailuen eta beste produktu batzuen salmenta jarrita.
Aipatu iturriek azaldu dutenez, atxilotuari jabetza intelektualaren kontrako delitua eta dirua zuritzea egozten diote, eta horren bi anaia ere auzipetu dituzte, baina ez dituzte atxilotu.
Valladoliden etxebizitza bat miatu dute, eta ordenagailuak, disko gogorrak eta 5.220 euro atzeman dituzte.
Poliziaren esanetan, webguneak bi milioitik gora bisita jaso zituen Espainiako Estatutik, Latinoamerikatik eta AEBetatik, eta, horri esker, 100.000 eurotik gorako irabaziak izan zituen.
Duela urtebete hasi zen ikerketa, Ikus-entzunezko Ekoizleen Eskubideen Kudeaketarako Erakundeak jarritako salaketa baten harira.