Teknologia -
Kongresua
Pantaila handiak eta kamera bikoitzak dituzten mugikorrak nagusi, MWCn
Begiko irisa antzemateko sistemak ere aurkeztuko dituzte Bartzelonako Mobile World Congress biltzarrean.
Agentziak | Erredakzioa
Mugikorraren aurreko alde osoa betetzen duten pantailak, kamera dualak, begiko irisa antzemateko sistemak eta ohikoak ez diren materialekin egindako sakelakoak aurkeztuko dituzte gaur Bartzelonan hasi den Mobile World Congress 2017 biltzarrean. Martxoaren 2ra arte antolatu dute.
Mugikorrez gain, "jantzi" daitezkeen gailuen arloan eta "Gauzen Interneta" deritzon esparruan (konektatutako autoak, batez ere) dauden berrikuntzak ere protagonista izango dira. Halaber, 5G teknologiaren erakustaldia ere egingo dute.
Galaxy Note 7 telefonoen bateriek emandako arazoen ondorioz Samsumg etxeak Galaxy S8 mugikor berriaren merkaturatzea atzeratu duen arren, beste hainbat ekoizlek Bartzelonako jardunaldi hauetan aurkeztuko dituzte berrikuntzak: Huawei, Lenovo-Motorola, LG, Nokia, HTC eta Sony.
4K erresoluzioa eta kurba duten pantailak ikustea espero dute analistek kongresuan, baita hainbat funtzio dituzten kamera bikoitzak ere.
Esate baterako, HTC, Lenovo eta Xiaomi enpresek atzeko kamera erabili dute, bigarren planoaren desfokuratze mailakatua izan dezaketen argazkiak ateratzeko. LGk, era berean, kameretako batean angeluhandia duten lenteak jarri dituzte; Huaweik, berriz, argitasuna hobetu du.
Bestalde, begiko irisa antzemateko sistemak ere aurkeztuko dituzte azokan, mugikorretarako sarbidea mugatzeko segurtasun-urrats esanguratsua, alegia. Gainera, orain arte mugikorren ekoizleek erabili ez dituzten materialak nola ezartzen ari diren ere azalduko dute.
Carles Garrigues Bartzelonako UOC Unibertsitateko adituak nabarmendu duenez, zeramikak abantaila ugari ditu. Izan ere, sendoa izateaz gain, ukimen berezia du eta antena erraz gorde daiteke gailuan, ez baitu seinaleak interferentziarik eragiten. Hori bai, ekoizpen-gastu garestiak dituenez, oso modelo esklusiboetan soilik erabiltzen dela azaldu du.
Errealitate birtualak eta 360 gradutako edukiek gora egin dute
Ben Wood CSS Insight etxeko analistak 'selfie' berri bat iragarri du: 'surrondie' izeneko argazkia. Nork bere buruari ateratako argazkia da, baina protagonistez gain, ingurune guztia ere hartzen du irudiak.
Arlo horretan, Woodek aurreratu duenaren arabera, 360 graduko kamera duen telefono adimentsua iritsi daiteke 2017an.
"Janzten" diren tresnei dagokienez, Google konpainiaren Android Wear 2.0 plataforma eta ZTEren erloju adimentsu berria ez ezik, Quartz, Huawei eta LG etxeen nobedadeak ere espero dituzte.
"Gauzen Internet" esparruak ere izango du tokia MWC azokan. Zenbait konpainiak egindako aurrerapenak azalduko dituzte, honako arlo hauetan: automozioa, banketxeak, osasuna, nekazaritza eta eraikuntza.
Konektatutako kotxeak izango dira protagonista nagusiak sektore horretan. Ford, BMW, Seat, Mercedes edo Volkswagen markek mugikortasuna kudeatzeko sistemetan, autoek ingurunearekin duten interakzioan eta gidatze autonomoan egindako aurrerapenak erakutsiko dituzte.