Teknologia -
Eguneraketa
‘Ez dut atsegin’ botoia erabiltzeko aukera emango du Facebookek
Facebook Messengerreko erabiltzaileek izango dute ikur hori erabiltzeko aukera. Besteak beste, taldeetan egiten diren bozketak erraztea da ikur horren helburua.
Eitb.eus
Azken urteotan beste pertsonekin harremanetan jartzeko moduak aldatu egin dira, batez ere sare sozialen eragina dela eta. Ildo horretatik, emotikonoek (‘emoji’ bezala ezagutzen ditugun ikonoak) garrantzia handia dute gaur egun. Joan den urtean, emozioak adierazteko ‘Atsegin dut’ botoiaren luzapena sortu zuen Facebookek, erabiltzaileei beste aukera batzuk emanez: ‘Zorrarazten nau’, ‘Dibertitzen nau’, ‘Harritzen nau’, ‘Atsekabetzen nau’ eta ‘Haserretzen nau’.
Dena dela, sare sozial horren erabiltzaileak ‘Ez dut atsegin’ botoiaren beharra nabarmendu dute. Orain arte erantzunik izan ez duten arren, Mark Zuckerbergek aukera hori prestatzen hasi da. Alabaina, soilik Facebook Messengerreko erabiltzaileek izango dute ikur hori erabiltzeko aukera.
Eguneraketa horren bidez, mezuak azkarrago erantzuteko aukera eman nahi diete txat horretako erabiltzaileei, TechChrunc hedabideak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Antza denez, hatz lodia beherantz duen esku batek irudikatuko du aukera hori, eta soilik talde horretako parte hartzaileek erabili eta ikusi ahal izango dute ‘Ez dut atsegin’ botoia.
Facebookek azaldu duenez, ikurrak "ezetz" adierazten du, eta taldean bozketa egiteko aukera erraztuko du. Era berean, norberak unean bertan sentitzen duen emozioa adierazteko aukera izango du eguneraketa berriari esker.
Dena dela, Facebook Messengerren erabilgarri izango diren emotikono berriak proba fasean daude, eta, momentuz, soilik erabiltzaile bakar batzuk dute ikur horiek erabiltzeko aukera. Facebookek ez du iragarri zenbat denbora igaroko den eguneraketa prest duen arte.