Teknologia -
BERRIKUNTZAK
Facebooken garatzaileen kongresuan, kamerak eta errealitate birtuala nagusi
Mark Zuckerbergen arabera, kamera oso garrantzitsua da gaur egungo komunikazio guztietan, eta erabiltzaile eta sortzaileentzako tresna berriak aurkeztu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Facebookek garatzaileentzako urtero egiten duen F8 kongresuaren lehenengo jardunaldia egin dute Kalifornian. Bertan Mark Zuckerbergek esan duenaren arabera, kamera oso garrantzitsua da gaur egungo komunikazio guztietan, eta erabiltzaile eta sortzaileentzako tresna berriak aurkeztu ditu.
Camera Effect Platform aurkeztu du Facebookek, garatzaileei bi produktu eskainiko dizkien plataforma: Frames Studio eta AR Studio. Frames Studio sormenezko editore bat da, profileko argazkian eta Facebookeko kamera berrian erabil daitezkeen markoak sortzeko balio duena. AR Studio, berriz, beta bertsioan dago erabilgarri, eta mugimendua, giroa eta zuzeneko emisioetako interakzioekin aktibatzen diren maskarak, efektu-segidak, marko animatuak eta errealitate areagotuaren beste teknologia batzuk sortzeko erabil daiteke.
Garatzaileentzako berritasun gehiago aurkeztu dituzte, Garatzaileen Bilgunea esate baterako, mundu osoko garatzaileek beste garatzaileekin konektatu, ikasi eta parte hartzeko programa berri bat.
Halaber, Places Graph ere aurkeztu du. Jatetxe, parke, denda txiki eta enpresa lokalen informazioa doan irakurtzeko aukera errazten duena. Besteak beste, lekuen izenak, helbideak, argazkiak eta Facebookeko erabiltzaileen balorazioak irakur daitezke hor.
Bestalde, errealitate birtualari dagokionez, Oculus Riftek asteartetik aurrera sare sozialaren esperientzia ingurugiro birtualetara pasatzen duen aplikazio berri bat duela esan dute. Facebook Spacesen beta bertsioak lagun eta familiarekin harremanetan jarri, selfie-makila birtualarekin argazkiak atera, Messenger bidez bideodeiak egin eta airean marrazteko aukera ematen du.