Teknologia -
2.500 lagun salbatuko ditu
SOS Deiak-ek istripua izan duten autoen mezua jasoko du automatikoki
2018ko apirilaren 1etik aurrera, eCall sistema adimendua instalatuko dute autoetan. Horri esker, istripua izanez gero, sistemak seinalea bidaliko du larrialdietako zentrora.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren SOS Deiak koordinazio zentroak prest daude eCall gailu elektronikoaren bidez larrialdietako alertak jasotzeko. Horrek esan nahi du zentroek istripua izan duten ibilgailuetatik egindako deiak jaso ditzaketela eta, horrela, berehala jardun, biktimak artatzeko denbora murriztuz.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdietan deitzeko sistema adimenduna da eCall. Eskuz edo automatikoki aktiba daiteke ibilgailuan instalatutako sentsore batzuen bidez, GPS eta GSM teknologia erabiltzen du, eta istripua edo ustekabeko zerbait izan duen autoa zehazki non dagoen jakiteko aukera ematen du.
Ekimena Europako arau bat betetzeko gauzatu da, eta errepideetan pertsonak salbatzea du helburu nagusi. Auto ekoizleek derrigorrez jarri beharko dute 2018ko apirilaren 1etik aurrera.
Behin talka gogorra hauteman ondoren, gailu elektronikoak automatikoki deitzen du gertuen dagoen larrialdi zentrora, baita gidaria konorterik gabe baldin badago edo erantzuteko gai ez bada ere.
Dei horretan oinarrizko datuak emango dira (ezbeharra zehazki non gertatu den, erregai mota, bidaiari kopurua, ibilgailuaren marka, modeloa eta mota), "eta horri esker larrialdietarako zerbitzuek informazio baliotsua izango dute, azkarrago erantzun ahal izango dute eta, ondorioz, biziak salbatu ahal izango dituzte".
Deia eskuz edo automatikoki egiten dela ere, beti izango da ahots bidezko konexioa ibilgailuaren eta larrialdietako zentroen artean, konexio automatikoaz gain. Horrela, ibilgailuan dagoen eta galderak erantzuteko moduan dagoen edonork eman ahal izango dizkio ezbeharrari buruzko xehetasun gehiago deiak jasotzen dituen zentroari.