Teknologia -
BILBAO TECH WEEK
EiTBko egoitzak Bilbao Tech Week ekitaldiaren bigarren edizioa hartuko du
Sarrera doakoa izango da eta jardunaldietan biltzen den dirua Hemiweb GKEra emango da.
Ixone Arana | EiTB
Bilbo teknologia eta berrikuntzari buruzko ezagutzen bilgune bihurtuko da Bilbao Tech Week ekitaldiaren bigarren edizioaren bitartez. 2017ko azaroaren 7tik 10era, EiTBren Bilboko egoitzak konferentziak eta tailerrak hartuko ditu 09:30 eta 20:30 bitartean, eta sarrera doakoa izango da bertara joaten diren guztientzat.
Ve garapen teknologikorako Bilboko zentroak sustatu du ekimena, eta Binima Digital Products, Innolab Bilbao eta Hispavista enpresekin batera antolatu dute. Bertoko, estatuko eta nazioarteko arreta Bilboko sektore teknologikora erakartzea da horren helburua, eta hiria horretan erreferente bihurtu eta berrikuntza eta lankidetza alorrean adibide gisa kokatzea.
Aurreko edizioaren arrakasta ikusita (700 pertsona bertaratu ziren), aurtengoak zifra hori gainditzea espero du. Konferentzia jardunaldietan biltzen den dirua Hemiweb gobernuz kanpoko erakundeari emango diote, hemiparesia duten haurrei laguntza, orientazioa, informazioa eta terapia emateko. Gaixotasun horrek funtzio motore, kognitibo eta komunikatiboei erasaten die, baita pertzepzio eta jokabideari ere.
Programa teknologiaren inguruko lau alor handitan egituratu dute. Lehenengo egunean, azaroaren 7an, medikuntzaren munduari aplikatutako teknologia izango dute hizpide; hilaren 8an, block chain teknologia (transakzio banatuak) eta kriptotxanponak (munduko agente ekonomiko guztientzat mugaezinak eta geldiezinak diren diru fluxuak) aztertuko dituzte; biharamunean, startup ekosistemaz arituko dira; eta bukatzeko, azaroaren 10ean, teknologia eta marketin digitala aztertuta bukatuko dituzte jardunaldiak. Halaber, hiru tailer egongo dira ekintzailetza, Watson sistema eta erabiltzaileek linean duten esperientzia aztertzeko.