Teknologia -
Web Summit 2019
Bilbo, Web Summit 2019 nazioarteko teknologia kongresua hartzeko lehian
Bilboko ondoko hiriak izango ditu lehiakide: Madril, Valentzia, Londres, Paris, Berlin, Dubai, Hanburgo eta Munich. Europan egiten de teknologia digitaleko ekimenik handiena da Web Summit.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2019an Web Summit nazioarteko teknologia kongresua hartzeko hautagaia da Bilbo. Gainerako hautagaiak hauek dira: Madril, Valentzia, Londres, Paris, Berlin, Dubai, Hanburgo eta Munich. Abuztu bukaeran iragarriko dute antolatzaileek hurrengo edizioa non izango den.
Web Summit biltzarraren lehendabiziko sei edizioak Dublinen egin ziren eta 2016tik Lisboan egiten da. Datorren urtean, baina, beste hiri batera eraman nahi dute urtez urte goraka doan kongresua.
Europan egiten den teknologia digitalari buruzko biltzarrik handiena da Web Summit. Mundu osoko milaka ekintzaile, enpresari, buruzagi digital, inbertitzaile eta komunikabide biltzen dira bertan.
2017ko edizioan, 160 herrialdetako 60.000 parte-hartzaile izan ziren. Halaber, 2.100 enpresa, 1.400 inbertitzaile, 1.200 bozemaile eta 2.600 kazetari. 250 milioi euro inguruko eragin ekonomikoa izan zuen.