Teknologia -

Prototipoa

Aireko taxia, hirietan joan-etorriak egiteko era etorkizun hurbilean

Egun, mundu osoan, 6 prototipo daude, eta Tecnalia zentroak Espainiako lehena aurkeztu du astelehen honetan, Donostian. 2035ean 32.000 milioi eurora iritsi daiteke aireko taxien negozioa.

Aireko taxiaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: Tecnalia
Aireko taxiaren aurkezpena, Donostian.
Modu autonomoan mugitzeko aukera ematen duen lehen aerotaxia aurkeztu dute Donostian

1:26

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etorkizuneko hiri-mugikortasuna zerura begira dago; izan ere, iragarpenen arabera, hegan dabiltzan ibilgailuak izango dira mundu osoko hirietan, lurreko garraioaren alternatiba gisa. Porsche Consulting konpainiaren ikerketa baten arabera, 2035ean 32.000 milioi eurora iritsiko da aireko taxien negozioa.

Egun, mundu osoan, 6 prototipo daude, eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak Espainiako lehena aurkeztu du astelehen honetan, Donostian.

Ibilgailu hau hirietan ibilbide laburrak era autonomoan egiteko da. Prototipo hau pertsona bat edo 150 kilogramora bitarteko kargak garraiatzeko diseinatua dago, eta hirian 15 bat minutuko distantziak egiteko (gehienez ere 15 kilometro).

Aireko taxi prototipoaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: Tecnalia

Aireko taxi prototipoaren aurkezpena, Donostian. Argazkia: Tecnalia

Hala, munduko hiri guztietako hiriguneetako garraio-beharren % 85 beteko lirateke. Joan-etorriak 90 kilometro orduko abiaduran egingo lirateke, baina 190 kilometro ordukora arteko abiadurak ere har litzake; hegaldiaren garaiera, berriz, 100-300 metrokoa izango litzateke, indarrean dagoen legediaren bilakaerak ebatziko duenaren zain.

Tecnaliaren aerotaxiak 1,8 x 2 metroko kabina aerodinamiko bat du, ate eta leiho eta guzti, eta lau drone ditu, aireontziaren goiko eta beheko aldean jarriak, hura mugiarazteko.

Hirian 15 bat minutuko distantziak egiteko diseinatu dute

Hortxe dago haren berrikuntza nagusia: kontrol aurreratuko sistema bati esker, era independente baina koordinatuan mugitzen dira droneak; hala, egonkortasuna, efizientzia, doitasuna eta kabinaren kontrolagarritasuna hobetzen dira, eta, ondorioz, baita kabinako konforta ere.

Azken produktua autonomoa izango da, eta gainerako ibilgailu autopilotatuen posizionatze- eta komunikatze-teknologiak izango ditu. Espazio estuetan lur hartzeko eta aireratzeko gai ere izango da, hala nola aparkaleku batean, eta ingurune-baldintza txarrak jasan ahal izango ditu, hala nola haize eta euri bortitzak; halaber, aireratzean eta lur hartzean eragiten den aire-fluxu deserosoa minimizatuko du.

Aireontziarekiko interakzioari dagokionez, "erabiltzailearen eta hiriaren eguneroko bizitzan ahalik eta hobekien txertatzeko diseinatu da". Mugikorraren bidezko interakzioa egongo da; aireontziari kalean bertan antzemango zaio; bidaiariak atzetik sartuko dira kabinara, erraz eta eroso, eta nahiko toki izango dute barruan, eroso egoteko.

Tecnalia, egun, azken produktuaren garapena eta industrializazioa negoziatzen ari da zenbait bazkide industrialekin, eta aurreikusten du bost urte barru halako aireontziak errealitate izango direla merkatuan eta zenbait hiritako zeruetan. Horrekin paraleloan, hori lortzeko egin behar diren lege-aldaketetan eskumena duten agintariekin ere ari da lanean.

Hala ere, herrialde batzuk, hala nola Alemania eta Frantzia, dagoeneko ari dira posizionatzen proiektu pilotuekin, eta 2020an lehen hegaldi esperimentalak egingo dira Los Angeles, Dallas, Dubai, Singapur eta Tokio hirietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bitxikeriak Teknologia Donostia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Garraio komuna gaur Taxiak