cerrar buscador

01:05

eguraldia

Eguraldiaren iragarpena

Elurra eta hotza nagusi berriz ere

Erredakzioa

Negu latza gainean dugu, eta 500 metrora jaitsi daiteke elur maila. Nafarroan alerta laranja dago, elurragatik.

1:07
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur ere giro oso hotza espero da Euskadin, baina prezipitazioak bezperan baino urriagoak izango dira. Egunaren lehenengo zatian, elur-maila 500-600 metroan kokatuko da, eta egunaren amaieran 800 metrora igoko da. Ipar-mendebaldeko haizeak ahultzera egingo du, eta azken orduetan mendebaldera aldatuko da. Barnealdeko zenbait tokitan, izotz txikia sortuko da.

Ostiralean baliteke zaparrada handiak botatzea, bereziki kantauriar isurialdean, egunaren lehenengo zatian, eta trumoi-ekaitzak jo eta txingorra bota lezake. Arratsaldetik aurrera, atertuz joango da. Goizaldean, elur-maila 900 metroan kokatuko da, eta arratsaldean 500 metrora jaitsiko da. Goizean haizea iparrera aldatu, eta zakartu egingo da. Tenperaturari dagokionez, ez da aldaketa nabarmenik izango.

Egun zaila errepideetan

Egun osoan zehar euria etengabe bota du, eta txingor ekaitzak ere izan dira noizbehinka. Euria, elurra, haizea eta txingorra izan ditugu gurean, eta egun zaila izan da errepideetan.

Hala, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontuz gidatzeko deia egin du, bereziki Etxegaraten, Altuben eta Barazarren. Bernedo eta Herrera mendateak itxita daude, eta kateak behar dira Opakuan.

Alerta laranja ezarri dute, olatu arriskua dela-eta; izan ere, 6 metroko olatuak espero ziren. Halaber, abisu horia ere indarrean dago, euri, haize indartsu eta elur arriskua dela-eta. 500 metrora jaitsi daiteke elur maila. Bestalde, izozteengatik ere abisu horia ezarri dute, barnealdean.

Bernedo eta Herrera, itxita; kateak Opakuan

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak arretaz gidatzeko deia egin du, bereziki errepide sare nagusiko hainbat tokitan: Etxegaraten; N-622 errepidean, Altube eta Gasteiz artean; N-1 errepidean, Nafarroa eta Gasteiz artean; eta N-240 errepidean, Legutio eta Gasteiz artean.

Bernedo eta Herrera mendateak ibilgailu guztientzat daude itxita, eta autoek kateak behar dituzte Opakuan (azken hau itxita dago kamioientzat).

Halaber, arreta eskatu dute 13 mendatetan, tartean honako hauetan; Altube, Azazeta, Kruzeta, Barrerilla, Urduña, Gasteiz, Otsaurte, Salinas, Zaldiaran eta Lizarrusti.

Nafarroako zortzi mendatetan arazoak

Nafarroan, alerta laranja indarrean dago, elur arriskua dela-eta, lurraldearen erdigunean elur-maila 500 metrotik behera jaitsiko baita. Bigarren mailako errepide sareko zortzi mendatetan arazoak daude. Goizaldean 300 metrora jaits liteke elur-maila, eta kontuz gidatzeko deia egin du Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako errepide sare nagusia irekita dago, baina bigarren mailako errepide sarean arazoak daude, zortzi mendatetan. Belagua itxita dago, eta kateak behar dira NA-137 errepidean (Izaba), eta honako mendate hauetan: Artesiaga (NA-1740), Egozkue (NA-2520), Matamachos (NA-176), Aralarko San Migel (NA-7510), Urbasa (NA-718), Urkiaga (NA-138) eta Zuriza (NA-2000).

Iruñea eta Madril arteko N-113 errepideak itxita jarraitzen du, uholdeak direla-eta.

Nafarroako Gobernuak ere arretaz gidatzeko deia egin du.

Iruzkinak