23:32

eguraldia

Uholdeak Nafarroan

Normaltasunerako bidean da Iruñea, uholde historikoen ondoren

Erredakzioa

Euriteek aurreikuspen guztiak gainditu zituzten, eta metro karratuko 60 litro pilatu ziren. Ondorioz, arazo ugari sortu zen Iruñean, Uharten, Atarrabian eta Burlatan.

1:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Pixkanaka-pixkanaka, normaltasunerako bidean dira jada Iruñean eta inguruko udalerrietan, igande honetako uholdeen ondoren. Nafarroan izan diren euri handiek uholde historikoak eragin dituzte, batik bat Arga ibaiaren inguruetan, Iruñerrian, urak gainez egin baitzuen. Zorionez, ez zen biktimarik izan.

Euriteek aurreikuspen guztiak gainditu zituzten, eta metro karratuko 60 litro pilatu ziren. Ondorioz, arazo ugari sortu zen Iruñean, Uharten, Atarrabian eta Burlatan.

N-113 errepidea itxita Castejonen, Ebrok gainezka egin ondoren

Aurreikuspenak gainditu dituzten igandeko uholde historikoen ondoren, astelehen arratsaldean Ebrori begira daude guztiak.

Castejonen, 15:50ean espero zuten emaria handitzea, eta, ur horren ondorioz, N-113 errepidea moztuta geratu da, 74 kilometrotik aurrera.

Edonola ere, Nafarroako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, urak ez du hirigune edo herriguneetan kalterik eragingo, eta nekazal zonaldeei eta errepideei eragingo die gehien bat.

Funesen alertan daude oraindik, baina uraren mailak behera egin du jada

Arga ibairen ur-goraldiari begira egon dira gaur Funesen bereziki, eta, bertan, ikastetxe bat itxi behar izan dute astelehen goizean, badaezpada.

Alertari eusten diote, baina urak dagoeneko behera egin du (13:00etan 940 metroan zegoen ura, eta, arratsalderako, berriz, 642 metrora jaitsi da).

Asteleheneko arazorik handienak, errepideetan

Atzo arratsaldeko lehen orduan, Arga ibaiaren emaria jaisten hasi zen, eta alerta Erriberrara, Nafarroako hegoaldera, pasatu zen. Gaur goizaldean, baina, ibaiek ez dute gainez egin bertan, eta ez da arazo larririk sortu. "Goizaldea uste baino lasaiagoa izan da", esan dute Foru Gobernutik. Hala, errepideetan eragin ditu gaur urak kalterik handienak.

Belateko tunelak eta Landabenen sartzeko errepidea (NA-30) itxi egin behar izan dituzte. Atzo, larrialdi zerbitzuek 30 pertsona inguru erreskatatu behar izan zituzten Uharten, urbanizazio batean, eta, Atarrabian, traktore baten gainean harrapatuta zegoen gizonezko bat ere.

Kalte materialak

Iruñerrian egoera bere onera etortzen hasi den honetan, agintariak kalte materialak zenbatekoak diren zenbatzen hasi dira.

Lehen kalkuluen arabera, garbitze lanak 52.000 eurokoak izango dira Iruñean.

Burlatan, uholdeek kalte handiak egin zituzten, batik bat igerilekuetan, kirol instalazioetan oro har, parkeetan eta hainbat baratzetan.

Dena dela, Juan Carlos Gonzalez alkateak txalotu egin du "ibilgailu bakar bat ere" kaltetu ez izana, Udaltzaingoa "azkar" mugitu baitzen ibaitik gertu aparkatuta zeudenak salbatzeko.

Atarrabian, Udalak herria hondamendi eremu izendatzea eskatuko dio Espainiako eta Nafarroako gobernuei.

Kalte handienak Martiket kirol-gunean eta Ultzamako auzoan izan dira.

Idoia Maya alkateordeak azaldu duenez, Udalak diru-laguntzak eskatuko ditu kaltetutako enpresak, dendak eta tailerrak konpontzeko.

Kaltedunentzako bulegoa

Iruñean, Udaltzaingoak bulego bat ireki du, kaltedunak artatzeko.

Bulegoa Iratxeko Monasterioaren kaleko 2. zenbakian dago, eta horren telefono zenbakiak 948 420 638 eta 948 420 639 dira, Udalak jakinarazi duenez.

Gomendioak

Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak kaltedunei gomendatu die zazpi egun baino lehen Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari kalteen berri ematea.

Horrez gain, elkarteak ibilgailuaren eta etxeko aseguruaren polizak berriz aztertzeko aholkatu du, jasandako kalteak horien baldintza orokorretan edo baldintza partikularretan jasota dauden ikusteko. Halaber, komeni da kalteak jasan dituzten ondasunak perituak ikusi arte gordetzea, eta, ezin badira gorde, komeni da argazkiak ateratzea, kalte horien froga gisa gordetzeko eta perituari erakutsi ahal izateko.

Laguntzak udalentzat

Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak eska ditzaketen laguntzen berri eman die gaur Atarrabiako, Burlatako, Uharteko eta Iruñeko udalei.

''Ezohiko'' uholdeak eta Eugiko urtegiak piztutako polemika

Bestalde, Atarrabiako, Burlatako eta Uharteko alkateak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Nafarroako Larrialdi Agentziaren ordezkariekin batzartu dira gaur, gertatutakoa aztertu eta abisu nahikoak jaso ote zituzten baloratzeko.

Enrique Maya Iruñeko alkatearen hitzetan, Eugiko urtegiak galarazi egin zuen uholdeak handiagoak izatea, eta horiek hiriburuaren historiako "larrienak" izan direla adierazi du. Halaber, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohar batean azaldu duenaren arabera, igande honetan Eugiko urtegiak askatu zuen gehienezko ur-emaria (56 m³/s) Iruñean jasotako gehienezko ur-emariaren (630 m³/s) % 10 baino txikiagoa izan zen. Hortaz, emariaren goraldiaren arrazoia Argaren eta Ultzamaren arroetan izandako euriteak izan ziren.

Egoera naturalean, hau da, urtegirik egon izan ez balitz, Nafarroako hiriburuan jasotako ur-emaria 25-30 m3/s handiagoa izango zen, Konfederazioaren arabera.

Erakunde honek, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak azaldu duten bezala, ez zuen egin esku artean zuten iragarpenak aurreikusten zuen eguraldia.

Javier Morras Nafarroako Barne kontseilariak aurreratu duenez, bestalde, azalpenak eskatuko dituzte, euriteen inguruan plazaratutako alerta larunbatean, 14:00etan, bukatzen baitzen. Morrasek gogoratu duenez, euri jasa handienak larunbat arratsaldean eta igandean izan ziren.

Yolanda Barcina Foru Gobernuko presidenteak uholdeak "ezohikoak" izan direla adierazi zuen, igande arratsaldean Iruñean egoera gertutik jarraitzeko egindako bisita batean. "Ez da alerta meteorologikorik egon, Arga ibaiaren hazkundea aurreikusteko", deitoratu du Barcinak, Exekutiboak ohar batean azaldu duenez.

Iruzkinak