eguraldia
Denboraldi berria
EiTB
Indartuta dator "Eguraldia" saioko lantaldea, eta zerbitzua eskaintzeko asmoari tinko eutsiz. Tokiko zehaztasunei eta klima zonalde ezberdinetako udalerrien xehetasunei arreta berezia jarriko diete.
"Eguraldia" saioko lantaldea. Argazkia: EiTB
Bideoak (1)
Informazio gehiago (2)
Euskal Telebistako "Eguraldia" saioak indartuta ekin dio denboraldi berriari, zerbitzua oinarri duen saioa eskaini nahian lanean jarraitzeko asmo sendoarekin. Hala, Andoni Aizpuruk euskarazko "Eguraldia" saioaren gidaritzan jarraituko du, astelehenetik ostiralera; Ana Urrutia gaztelaniazko iragarpena eskaintzen izango dugu udazken honetan ere, astelehenetik ostiralera; eta asteburuan Igor Siguero izango da saioren aurkezlea. June Ansoleagak eta Libe Gaztelurrutia eta Gorka Ormaetxea meteorologoek osatzen dute lantaldea, guztiak ere Zuriñe Zulaikaren gidaritzapean.
Uda lehor eta beroa izan dugu, meteorologia maila ezusteko handirik gabe; udazkena, baina, euri, haize eta olatu pasarte gogorrekin abiatu dugu. Klima aldaketaren ondorioz, gero eta muturreko fenomeno gehiago bizi ditugu, eta borraska sakonak ere ari zaizkigu sartzen, saioko kideek azaldu dutenez. Beraz, "Eguraldia" saioko lantaldea indartuta dator, are xehetasun gehiago eskainiko dituen aurreikuspena ekartzeko asmoz. "Kontrastez betetako lurralde honetan, tokiko xehetasunei arreta berezia jarriko diegu", azpimarratu dute. Horri lotuta, zerbitzua eskaintzea oinarri duen eta herritarren bizimodua errazten laguntzeko asmoa duen saioa bilatuko dute, klima mailan zonalde ezberdinetan kokatutako udalerrien zehaztasunean arreta berezia jarrita.
Hemendik gutxira egingo dugun ordutegi aldaketari lotuta, gogoratu dute urteko egunik laburrenetara eta neguko solstiziora joko dugula, eta elur-maila, prezipitazio metatuak eta tenperatura hotzenak zehaztasunez emateko unea dela.
Horretarako, denboraldi honetan ere, aurreikuspen zehatza eskaintzen jarraitzea dute helburu, profesionaltasunez, gertutako mezua oinarri hartuta eta publiko guztiengana heltzeko.
Urteko liderrak orain arte eta 5.000 argazkitik gora itxialdian
Urte honetan audientzian liderra da "Eguraldia" orain arte, eta saioko lantaldeak ikus-entzuleek erakutsitako fideltasuna eskertu nahi izan du, bereziki pandemia eta itxialdi garaian. "Egunero etxeetatik kanpo izango genuen eguraldiaren berri ematen genuen, eta egoera zail horretan modu positiboan jendearen alboan egoten saiatzen ginen", gogoratu dute. Ikus-entzuleek babes osoa eskainiz erantzun zuten, eta leihoetatik eta balkoietatik ateratako 5.000 argazkitik gora jaso zituzten saioan.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa