cerrar buscador

14:31

eguraldia

Denboralea

Uholdeak Sara, Senpere eta inguruetan, eta alerta laranja Ipar Euskal Herri osoan

EITB MEDIA

Lapurdiko zenbait herritan urak gainez egin du eta prefeturak joan-etorriak mugatzeko deia egin du, arriskuak aurrezte aldera.

01:58
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eurite mardulek uholdeak eragin dituzte Ipar Euskal Herrian, tartean Saran, Senperen eta inguruetan, eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak alerta laranja ezarri du.

Euritza handia bota du Lapurdin azken orduetan, eta Urdazuri ibaiak, besteak beste, gainez egin du zenbait udalerritan. Goizeko seietan ibaiaren maila 0,6 metrokoa zen, eta eguerdian lau metrora iritsi da.

Horren aurrean, Pirinio Atlantikoetako prefeturak alerta laranja ezarri du uholde handiak espero direlako. Hala, herritarrei joan-etorriak ahal den neurrian mugatzeko eta jarduera arriskutsuak ez egiteko eskatu die. Era berean, Sarako lezeak itxi egin dituzte.

Eta Senpereko lakuaren egoera ez zen hobea gaur goizean, Herri Urratsen bezeperan.

Gainera, zenbait errepide itxi egin behar izan dituzte. Senpereko kale nagusia ur azpian dago, eta horrek nabarmen zailtzen du zirkulazioa. Dendari batzuek establezimenduak itxi dituzte uraren beldur.

Sarara doan errepidea itxita dago Herburuan, eta agintariek eskatu dute, ahal dela, ez joateko bi udalerrietara.

Prefeturak ohartarazi duenez, "gora-behera horien ondorioz arazoak egon daitezke trenbide sarean, sare nagusitik kanpo", eta "argindar etenaldiak egon daitezke. Lur azpian dauden lekuak, lur azpiko aparkalekuak, arriskutsuak dira".

Abisu horia Bizkaian eta Gipuzkoan

Bestalde, igande honetan Bizkaian eta Gipuzkoan zaparrada mardulak izango direlakoan, abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Abisua indarrean egongo da 06:00etatik 15:00ak arte, ordu horien bitartean zaparrada ertainak botako dituelako. Zeinbat lekutan, zaparradak handiak izan daitezke eta ekaitzak jo dezake.

Ostiral honetako 00:00ak pasata, Gipuzkoako Eskas meteorologia-estazioak metro karratu bakoitzeko 17,8 litro ur bildu ditu, Euskadin izandako kopururik handiena.

Igande honetarako, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, egunaren lehenengo parterako zaparradak espero dira, mardulak kostaldean, baina hegoaldean gutxi botako du. Haizeak ipar-mendebaldetik jotzen jarraituko du, eta tenperaturak gradu pare bat gora egingo du.

Iruzkinak