cerrar buscador

Biriketako minbizia, 2020ko EITB Maratoian | EITB Maratoia

EiTB MARATOIA

12:24

Biriketako minbizia

EiTB Maratoia

'Airea biriketako minbiziaren aurka' lelopean, abian da aurtengo EiTBko maratoia

EiTB

Azaroren 30etik abenduaren 13ra bitartean EiTBk baliabide guztiak jarriko ditu biriketako minbiziaren inguruan sentsibilizatu eta gaitzari aurre egiteko dirua biltzeko.

  • Taldeko irudia, Maite Iturbe erdian dela

    EiTBren asmoa gaixotasunaren aurkako borrokan laguntzea da. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Biriketako minbizia izango da Euskal Irrati Telebistaren hemeretzigarren EiTB Maratoiaren ardatza. Aurtengo kanpainaren leloa Airea biriketako minbiziaren aurka da, Airea falta bazaigu bizitzarik ez dagoelako, eta biriketako minbiziaren aurka borrokatzeko egin daitekeen onena ikerketari Airea ematea delako. Abenduaren 13ra bitartean, EiTB taldeko komunikabideek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EiTB Musika eta eitb.eus) indarrak batuko dituzte elkartasuna sustatzeko eta arlo horrekin lotutako ikerketak bultzatzeko.

Maratoiaren aurkezpena Bilboko EiTBko egoitzan izan da ostiral honetan (azaroak 30) eta honako hauek hartu dute parte: Maite Iturbe, EiTBren zuzendari nagusia; Maria Aguirre, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria; Sara Arevalo, Onkohematologiako Donostia Institutuko zuzendaria; Nerea Lupardo, Euskalteleko Harreman Instituzionaleko burua; elkarte ezberdinetako kide eta gaixoak, eta aurtengo iragarkiaren protagonistak.

Hurrengo egunetan, EiTBko irrati eta telebistetako albistegiek eta hainbat saiok erreportajeak eskainiko dituzte gaixoen, senitartekoen, medikuen eta profesionalen lekukoak bilduz eta ekimen bereziak izango dira gaiaren inguruan.

Abenduaren 3an irekiko da diru laguntzak emateko bideratuko den telefonoa: 902 54 25 25. Halaber, eitb.eus bidez dirua emateko aukera dago gaurtik aurrera.

Abenduaren 13a izango da elkartasun kanpainaren egun handia. Egun guztian, ehun pertsona famatuk baino gehiagok diru laguntzak egin nahi dituzten herritarren deiei erantzungo diete. Egun osoan zehar, EiTBko komunikabideek bat egingo dute deiak jasoko dituzten gunearekin.

Halaber, maratoiaren egunean, Bilboko plaza Biribilean informazio gunea izango da 09:00etatik zabalik. Bertan, pantaila handi batzuk jarriko dituzte gaixotasunari buruzko informazioa emateko. EiTBko hedabideek, berebat, bertatik egingo dute bat zuzenean egunean zehar.

Heriotza gehien eragiten dituen minbizia

Biriketakoa da gure gizartean heriotza gehien eragiten dituen minbizia. Biriketan zelula gaiztoak neurrigabe ugaritzen direnean ematen da biriketako minbizia. Ez bada garaiz diagnostikatzen, metastasi bat gerta daiteke, eta kasu horietan minbizidun zelulak gorputzeko beste atal batzuetara barreiatzen dira.

Urtero, batez beste 1.289 biriketako minbizia kasu diagnostikatzen dira EAEn, 'Minbiziari bizirautea Euskal Autonomia Erkidegoan. 2000-2012' txosteneko datuen arabera. Tumore hau, halaber, bi sexuetan hirugarren maiztasun handiena izan zuen minbizia izan zen, eta lehenengoa hilkortasunean bi sexuak batuta. Bestalde, diagnostikatutako gaixoaren batez besteko adina 67 urtekoa izan zen gizonezkoetan eta 64 urtekoa emakumezkoetan.

Azken urteetan, intzidentzia nabarmen handitu da emakumeen artean, eta egonkor eutsi dio gizonen artean. Handitze hori emakumezko erretzaileen kopuruaren igoerarekin lotuta dago.

Biziraupena bost urteren ondoren %11,7koa izan zen gizonen artean eta %16,7koa emakumeen artean. Horrenbestez, heriotza ugari eragiten dituen tumorea da.

Tabakoa da, orobat, biriketako minbizia garatzeko arrisku-faktore garrantzitsuena, eta kasuen %80-90ean presente dago.

Hilkortasun-tasa murriztea, gaixoen bizi-kalitatea hobetzea eta familiei laguntza ematea dira lan terapeutiko eta sozio-sanitarioaren helburuak.

Prebentzioak ere garrantzi handia dauka, biriketako minbizia guztien %80 bizi-estilo osasuntsuen bidez saihestu baitaiteke. Tabakoa, arrisku-faktore nagusia izanik,ez erretzea da norbere osasunari eta gizarteari laguntzeko modurik merke eta arduratsuena.

Osakidetza 39 ikerketa-proiektutan dabil lanean

Osakidetzan egiten den biriketako minbiziari buruzko ikerketaren barruan, une honetan, 39 proiektu eta azterketa kliniko daude martxan, milioi bat eurotik gorako hainbat urtetarako finantzaketarekin. Datu horiek argi erakusten dute gaixotasun honen aurkako borroka ikerketa-lerro garrantzitsua dela Osakidetzan.

Datu on horien atzean bi arrazoi argi ditugu: batetik, gaixotasun horien gaineko ezagutza sakona, eta bestetik, Osasun Sailak ikerketa eta berrikuntzaren alde egindako apustu estrategikoa, gure osasunaren inguruko emaitzak hobetzeko eta Euskadiko garapen ekonomikoa sustatzeko (Osasun Ikerketa eta Berrikuntzaren Estrategia 2020).

Ikerketa proiektu onenentzat bideratuko da dirua

Ikerketarako dirua biltzea izango da kanpainaren xedea. Euskal gizartearen eskuzabaltasuna eta konpromisoa funtsezkoak izango dira martxan dauden ikerketak bultzatzeko eta esparru honetako jarduera handitzeko. Horrela, dagoeneko gaur egun euskal herritarren zati handi bati eragiten dieten arazoei konponbideak bilatzeko bideak irekiko dira.

Bestalde, urtero legez, BIOEFek (Berrikuntza + Ikerkuntza + Osasuna Eusko Fundazioak) kudeatuko ditu EiTB Maratoian bildutako fondoak. Fundazioak deialdi publikoa egingo du, besteak beste ondoko ekintza hauek aurrera eramateko: ikergaiari buruzko ikerketa-proiektu onenen hautaketa eta etorkizunera begira aukera gehien ematen dituzten ikerketa-ildoak sendotu. I+G+B proiektuak ebaluatzeko agentzia ofizial batek aztertuko ditu proiektuak, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendekoa den Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEPek) hain zuzen ere. Azterketa horren arabera, proiektuei puntuak banatu eta sailkapena osatuko da.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.