Itxi

EITB TALDEA

Inoizko daturik onena

eitb.eus-ek markak hautsi ditu 2019an: 205.000 erabiltzaile bakarretik gora egunean

EiTB

Comscorek egiten dituen neurketek zein OJD Interactivak egiten dituztenek EiTB Taldearen webguneak izandako bilakaera ezin hobea erakutsi dute.

0:39
Audientzia bikainak lortu ditu eitb.eus-ek 2019an

Euskal Irrati Telebistaren informazio eta entretenimenduko atariak, eitb.eus, inoizko daturik onena lortu du 2019an, audientzia neurtzeko sistema nagusien arabera. eitb.eus-ek, batez beste, 205.000 erabiltzaile bakar baino gehiago lortu ditu egunean eta 4.500.000 erabiltzaile bakar hilean urtebeteko epean.

OJD Interativak hainbat komunikabide digitalen artean ikuskatutako datuen arabera, atariak, batez beste, 205.380 erabiltzaile bakar izan ditu 2019an. Hilabeteko datuei dagokionez, batez beste 4.542.397 erabiltzaile bakar lortu ditu hilean. 2018an lortutako markarekin alderatuta, % 30 hazi da.

Sektorea Espainiako Estatuan neurtzen duen Comscorek ere baieztatu ditu EiTBren atariak 2019an lortutako emaitza bikainak. Datu horien arabera, eitb.eus-ek % 25eko hazkundea izan du. Ia 2.000.000 erabiltzaile bakar lortu ditu hilean Estatu espainiarrean, batez beste, 1.696.667 hain zuzen ere.

Emaitza horiei aplikazio mugikorren bidez jasotakoak ere gehitu behar zaizkie: 160.000 erabiltzaile. Facebook, Twitter edo Instagram bidez heldutako erabiltzaileak ere ez dira gutxi izan, eta EiTBren Youtubeko kanalean, batez beste, 10 milioi bideo baino gehiago ikusi dira hilero. Audioak iTunes, Tunein, iVoox edo Spotify plataformetan ere izan dira entzungai.

Albisteak, ikusienak

Eguneko informazioarekin zerikusia duten edukiak izan dira kontsumitzaileek gehien kontsultatu dituztenak. Albisteen atalean, nabarmentzekoa da nazioarteko gaiek izan duten oihartzuna. “2007 FT3” asteroideak lurrarekin talka egiteko arriskua, Parisko Notre Dame katedralaren sutea, Salvador eta Ekuador aldean izandako lurrikarak eta Venezuelako gertaerak, besteak beste, guztien artean nabarmendu dira. Gertuago, Bilbon izandako talde bortxaketari eta San Fermin jaietako txupinazoan gertatutakoei buruzko edukiak izan dira ikusienetakoak.

Korrikak izan duen jarraipenak aipamen berezia merezi du. Euskararen aldeko lasterketa zuzenean eskaini du eitb.eus-ek ekimenak iraun duen hamaika egunetan, baita bideoak, argazkiak eta ibilbidearen inguruko informazioa ere.

Kiroletan, futboleko LaLiga Santander eta Smartbank txapelketako golak, arrauna eta txirrindularitza izan da erabiltzaile gehien erakarri dituzten edukiak. Euskal Herriko Itzulia, Giroa, Tourra edo Espainiako Itzulia izan dira jarraituenak.

“El Conquis” eta “Go!azen”, liderrak

Telebistan, “El Conquistador” realitykoak izan dira edukirik ikusienak. Euskaraz, berriz, “Go!azen” telesailak arrakasta handia izan du sarean.

EiTB Taldeko irratiek jarraitzaile ugari izaten dituzte Internet bidez, zuzeneko emanaldiek gehienbat. Albistegiek eta goizeko magazinek, Euskadi Irratiko “Faktoria”k, Radio Euskadiko “Boulevard”ek eta Radio Vitoriako “Araba Gaur”ek, esaterako, jarraipen zabala dute.

Gaztea irratiak gazteen arreta eskuratu du Maketa Lehiaketarekin eta Gaztea Dantzan lehiaketarekin, eta bideoklipak eta asteko abesti ikusienen zerrendak ere asko ikusi dituzte. Aipatzekoa da etxeko txikienei zuzendutako Hiru3 ataria, 2019an itxura aldatu baitu eta “3 Ene Kantak” atala eta YouTubeko kanala estreinatu baititu. Arrakasta handiena lortu duten edukien artean, eskola-umeekin euren eskoletan “3 Ene Kantak” saiorako grabatutako bideoak daude.

EiTB Maratoia

2019 honetan EiTB Maratoiak 20 urte bete ditu eta atari eta irudi berria estreinatu ditu. Audientzia arrakasta itzela lortu du, 400.000 lagunek ikusi baitute haur minbiziari eskainitako ataria. Dohaintzak egin ahal izan dituzte, enkantean edo ekimenetan parte hartu eta Lau Teilatu abestiaren bertsioak egin. 70.000 herritarrek baino gehiagok abestu dute Itoizen kanta famatua eta 1.500 bideo argitaratu dira eitb.eus-en atarian.