10:06

Gaztea

Musika

Itsasoa ardatz duten bost abesti, Ozeanoen Nazioarteko Egunean

B. F. | EITB Media

Gaia jorratu duten hainbat musikari eta abesti bilduta, gure soinu bitakora propioa osatu dugu Gaztean.

  • Itsasoa

    Itsasoa

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Musikaren historian, itsasoa, ozeanoak eta uraren mugimendua inspirazio iturria izan dira artista askorentzat. Ozeanoen Nazioarteko Egunean, itsasoarekin harremana duten abestien zerrenda osatu dugu Gazteako erredakzioan.

Ken Zazpi: "Itsasoa Gara"

Talde bizkaitarraren hit abestuenetarikoa da "Ortzemugak Begietan" diskoko abesti hau. 2010ean kaleratutako kantaren hamaika bertsioa entzun ditugun arren, bat aukeratu behar izanez gero, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egindako hau hautatuko genuke.

Bilie Eilish: "Ocean Eyes"

Artista estatubatuarraren lehen single ospetsua da ocean eyes. Istorio bitxia du atzean; izan ere, Eilishek 13 urte zituenean, dantza irakasle batek ikuskizun baterako soinu banda sortzeko eskatu zion. Orduan, artistak Finneas O'Connell nebak bere bandarako sortuta zuen ocean eyesen bertsio propioa grabatu zuen.

Dantza ikuskizunaren ostean, SoundCloud plataformara igo zuten kanta, gerora gertatuko zena imajinatu ezinda. Bilie Eilishen obra fenomeno biral bilakatu zen; urtebetean, abestiak bi milioi entzunalditik gora izan zituen Spotifyn eta Eilishek Coachella jaialdian jo zuen, 17 urte bete berritan.

Belako: "Sea Of Confusion"

2012an Gaztearen Maketa Lehiaketa irabazi ostean, Belako bizkaitar taldeak "Eurie" izeneko estreinako diskoa atera zuen. Bertan aurki daiteke Sea Of Confusion, adiera literaletik aldenduta, itsasoaren izaera nahasiari erreferentzia egiten dion abestia.

Egun, kantaren lelo itsaskorra Belakoren identitatearen parte da, taldearen kontzertuetako must bat.

Zea Mays: "Itsasoa"

'25 urte joan dira ta!' bira bereziarekin ospatu du talde bilbotarrak bere hogeita bosgarren urtemuga. Ibilbide oparoan maitasunari, neguari, bideari eta beldurrari abestu dio Aiora Renteriak, baita itsasoari ere.

Taldearen estreinako diskoan ("Zea Mays", 1998) aurki dezakegu erreferentzia, Itsasoa izeneko kantan. Taldearen lehen hitetako bat izan zen, lehen disko horretatik gogorren jo zuena.

Merina Gris: "ALMAR"

Donostiar hirukoteak 2022an publikatu zuen "Zerua Orain" estreinako lan luzea. Zortzi abestiko diskoko bosgarrena da ALMAR, eta honen sorkuntzaren atzean ere badago zer kontatu.

Taldekideek azaldu dutenez, egun bakar batean sortu zuten ALMAR: 24 ordu, letra idatzi, abestia egin, grabatu eta diskoan joango zela erabakitzeko. Urtebete igarota, kantaren bertsio berria plazaratu dute, Delaporteko Sandrarekin.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean