EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpainako seigarren eguna

EAJk enpresa txiki eta ertainak babesteko 2.500 milioi hitzeman ditu

EH Bilduk Osakidetzan 3.000 lanpostu sortu nahi ditu, PSE-EEk ingurumeneko proposamenak aurkeztu ditu, PPk DBEren gaia Legebiltzarrera eramango du eta Elkarrekin Podemosek Osakidetza blindatu nahi du.

EAJk industria eta berrikuntzaren inguruko konpromisoak aurkeztu ditu

1:28

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakari eta Eusko Legebiltzarrerako EAJren Arabako zerrendaburuak enpresa txiki eta ertainak babesteko 2.500 milioi euroko berme publikoa emateko konpromisoa hartu du, gaur, Beasainen, egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian. Bere hitzaldian, ekonomia suspertzeko eta langabezia tasa % 10etik behera jaisteko proposamenak aurkeztu ditu.

Urkulluk azpimarratu duenez, ekonomia sustatzeko bere estrategia lau zutabetan oinarrituta dago: industria, berrikuntza, produkzio-inbertsioa eta nazioartekotzea.

Iñigo Urkulluk nabarmendu duenez, haren alderdiaren "helburu nagusia" enplegu "gehiago eta hobea" lortzea da. Beti ere irailaren 25eko hauteskundeak irabazten baditu, EAJk industriari rol garrantzitsua emango diola ziurtatu du Urkulluk. Ildo horretan, 2020rako industria Euskadiren barne produktu gordinaren laurdena izatera iristea nahi du EAJk.

Lehendakariaren esanetan, datu horiek lortzeko "bidea" enpresa txiki eta ertainak eta zailtasunak dituzten enpresak 2.500 milioi euroko berme publikoekin babestea, "Basque Industry 4.0" programari 15 milioi euroko diru partida esleitzea eta berrikuntzako aurrekontua urtero % 5 handitzea dira, bestea beste. Horrez gain, enpresek beren makineria berritzea sustatzeko Renove plana eta enpresa txiki eta ertainak ekoizpenaren digitalizaziora egokitzeko laguntzak proposatu ditu.

Bestalde, Foru Diputazioekin elkarlanean, 250 milioi euroko diru funts publiko-pribatua sortzea mahaigaineratu du, euskal enpresa nagusiak Euskadin "errotzeko".

Ordu batzuetara, Arrasaten egindako ekitaldi batean, Urkulluk ohartarazi du euskal ekonomia ez dagoela "abenturak, esperientziak edo ateraldiak" aurrera eramateko, eta "Jaurlaritza egonkorra eta indartsua" behar duela.

Lehendakariak "egonkortasuna" eskatu du bere alderdiak begiz jota dituen helburu ekonomikoak lortzeko, tartean industriaren pisua BPGren % 25era iristea eta langabezia % 10etik behera jaistea.

Urkulluk aitortu du EAE ez dela "oasia", eta gainerako alderdiei leporatu die "ideiarik ez" edukitzea.

EH Bilduk 3.000 lanpostu sortu nahi ditu Osakidetzan

EH Bilduk Osakidetzan 3.000 lanpostu sortzeko eta osasungintzan inbertsio berriak egiteko konpromisoa hartu du gaur. Koalizioak azpimarratu duenez, beharrezkoa da neurri horiek martxan jartzea, EH Bilduren esanetan, Iñigo Urkulluren Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketak tarteko Osakidetzak "ospea" galdu duelako.

Miren Larrion irailaren 25eko hauteskundeetarako EH Bilduren Arabako zerrendaburu eta Rebeka Ubera hautagaiak parte hartu dute koalizioak gaur Gasteizko Santiago ospitalearen atarian egindako ekitaldian. Salatu dutenez, Gasteizko erietxe hori ixteko mehatxua etengabea da.

Larrionek ziurtatu duenez, azken legegintzaldian 3.000 lanpostu galdu dira Osakidetzan. Osasunak Gobernu ekintzaren ardatz nagusietako bat izan behar duela aldarrikatu du eta EH Bildu Eusko Jaurlaritzara iritsiz gero, Osakidetzan 3.000 lanpostu sortuko dituztela eta langileek beren lana ahalik eta baldintzarik onenetan egin ahal izateko "beharrezko inbertsioak" egingo dituztela gaineratu du. Aipaturiko neurri horiekin "kalitatezko enplegua" sortzeaz gain, gaixoak lehen mailako profesionalek artatzea ahalbidetuko dela azpimarratu du.

Bestalde, EH Bilduk beste hainbat konpromiso ere hartu ditu: "osasunerako eskubidea unibertsala" izan dadin bermatzea, osasun arreta unibertsala, orekatua eta doakoa izatea, eta langileek beren lana baldintza "duinetan" egitea.

Arratsaldean Gernikan egindako ekitaldi batean, Jaso Agirre Bizkaiko zerrendaburuak hartu du hitza, eta euskal herritarrak "bide berritzaile eta eraginkorrak hartzen aitzindari" direla azpimarratu du.

Azaldu duenez, EH Bilduk kontsulten lege berri bat sustatuko du herritarrek egunerokoan eragiten dieten gaiei buruz iritzia eman dezaten. Era berean, Jaurlaritzaren lana gizarteak kontrolatzeko tresnak jarriko dituzte, eta lege baten bitartez herritarrek kargudun publikoak egotzi ahal izango dituzte "kontsulta bidez", etikaren kontrako jarrerak dituztela irizten badiote.

PSE-EEk ingurumen alorreko proposamenak aurkeztu ditu

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak sozialistek ingurumen alorrean dituzten proposamenak aurkeztu ditu gaur Gasteizen. Mendiak ziurtatu duenez, sozialistak dira Garoñako zentral nuklearra berriz ez irekitzeko, 'fracking'a edo lurpetik gasa ateratzeko haustura hidraulikoa Euskadin debekatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko bermea.

Ataria interpretazio zentroan egindako ekitaldian, Idoia Mendiak PP, EAJ eta EH Bildu izan ditu jomugan. Mendiaren esanetan, "arabarren interesen gainetik, atzeko atetik Garoña berriz ireki nahi duen alderdiko hautagaia da Alonso".

Bestalde, duela lau urte 'fracking'ari buruz egindako promesa ez betetzea eta 'fracking'a mantentzea leporatu die jeltzaleei. Gainera, haustura hidraulikoa debekatzeko lege "bideraezina" bultzatzea egotzi dio EH Bilduri.

Arratsaldean, Natalia Rojo PSE-EEren Arabako zerrendaburuak esan du bere alderdia ez dela "nazionalismoen eztabaidan sartuko", eta "gaurko Euskadiren arazoak konpontzeko bidea zehazteko" egingo duela lan. "Euskadik dagoeneko ezin du errenten kontura bizi, eta bada garaia politikariok herritarren arazoei irtenbidea emango dieten proiektuak aurkezteko, zatiketa eragiten duten eta euskal herritarren eskaeretatik urruntzen diren eztabaidetatik kanpo", azaldu du.

Eltziegon egindako ekitaldi batean, PSE-EE "azken lau urteetan indar erabakigarria" izan dela azpimarratu du.

PPk diru sarrerak bermatzeko errentaren auzia Legebiltzarrera eramateko konpromisoa hartu du

Euskadiko PPk Maria Dolores de Cospedal alderdiko idazkari nagusiaren babesa jaso dute gaur, eta Cospedalek "etxean ez gelditzeko" eta "botoa zaborretara ez botatzeko" eskatu die boto emaileei. Gainera, "postulatu nazionalistei" men egitea leporatu dio PSE-EEri.

Cospedalez gain, 'popularrek' Gasteizen egin duten ekitaldian izan dira Alfonso Alonso PPren lehendakarigaia eta Javier Maroto Gasteizko alkate ohia. Diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan PPren esanetan dagoen "iruzurra"ren aurrean ezikusiarena egitea leporatu diote Iñigo Urkulluren Jaurlaritzari. Halaber, Diru sarrerak bermatzeko errentaren gaia Legebiltzarrera eramateko konpromisoa hartu du Alfonso Alonsok.

Arratsaldean, Barakaldon egindako ekitaldi batean, Cospedalek Diru-Sarrerak bermatzeko Errenta izan du hizpide, eta esan du EAEn etorkinen langabezia-tasa Estatuko gainerako erkidegoetan baino altuagoa dela, zeren "jendeak badaki hemen errenta bat ematen dizutela eta helburua ez dela lanpostua bilatzea".

Cospedalek uste du hori "elkartasuna botoak erostearekin nahastea" dela, eta gauza bat dela elkartasuna, eta beste bat zergadunari "adarra jotzea". Azken hori da, bere esanetan, "EAEn gertatzen ari dena".

Elkarrekin Podemosek Osakidetza "blindatzea" proposatu du

Elkarrekin Podemosek osasun alorreko proposamenak aurkeztu ditu gaur: lehen arreta zerbitzuak indartzea, emakumeentzako berariazko edo prebentzio azterketak gehitzea eta osasun publikoa "blindatzea".

"Osakidetza blindatu behar dugu. Murrizketekin sektore pribatua hazi da eta sektore publikoko finantzazioa, aldiz, jaitsi", adierazi du Juan Luis Uria hautagaiak Gurutzetako ospitalearen atarian Elkarrekin Podemosek eguerdian egin duen ekitaldian. Helburu horiek lortzeko langileen lan-baldintzak hobetzea eta horiei esklusibotasuna eskatzea proposatu du.

Arratsaldean Laudion egindako ekitaldian, Elkarrekin Podemosek iragarri du BPGren % 0,5 gehitu nahi diola Hezkuntzako aurrekontuari, bi urtera arteko haurrei haurtzaindegia doan emateko.

Pili Zabala lehendakarigaiak esan du euskal gizartea geroz eta zaharragoa dela, eta ohartarazi du "lana eta familia uztartzea eta bizirautea eskutik doazela". Hori dela eta, erakundeek familiei "laguntzeko" deia egin du, ez dezaten "guraso izatearen edo ibilbide profesionalaren artean hautatu behar izan".

Ciudadanos

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Iñigo Urkullu Hauteskundeak Euskadin 2024 Idoia Mendia albisteak Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE albisteak Euskadiko PP berriak Gaurko azken ordukoa Alfonso Alonso berriak Euskadiko Podemos-eko albisteak Pili Zabala albisteak