EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpainaren 11. eguna

EiTB Focusen azken inkesta, kanpainako protagonista

EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, 28 eserleku erdietsita, eta EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, 17 ordezkarirekin.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boto gutxi batzuek edukiko dute azken hitza; horien arabera, batera edo bestera osatuko da irailaren 25eko EAEko hauteskundeen ondorengo Eusko Legebiltzarra, EiTB Focus makroinkesta soziologikoaren bosgarren atalaren arabera.

Hilabeteotan Euskal Irrati Telebista taldeak egin dituen inkestekin alderatuta, azken honek emaitza hobeak aurreikusi ditu EAJrentzat, EH Bildurentzat eta PSE-EErentzat. Elkarrekin Podemosek, PPk eta Ciudadanosek, aldiz, atzera egingo lukete, betiere aurreko EITB Focus galdeketekin alderatuta.

Hala, bosgarren atal honen arabera, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, 28 eserleku erdietsita. Gehiago ere jaso litzakete jeltzaleek, 29 ordezkari lortzeraino, edota 27rekin geratu ?duela lau urteko hitzorduan horiexek lortu zituen?. EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, 17 ordezkarirekin, hiru galduta. Elkarrekin Podemos indartsu sartuko litzateke ganberan, 13 legebiltzarkide eskuratuta. Dantzan legokeen ordezkaria berari balegokio, berriz, Pili Zabala buru duen alderdiak 14 eserleku izango lituzke. PSE-EE izango litzateke laugarrena, 9 eserleku lortuta, baina 8rekin geratuko litzateke jokoan legokeena galduz gero ?16 eskuratu zituen 2012ko hauteskunde autonomikoetan?. Alderdi Popularrak bi ordezkari galduko lituzke, eta 8 legebiltzarkiderekin geratuko litzateke, eta azken eserlekua kontra balu, 7 ordezkari izango lituzke. Ciudadanosek ez luke ordezkaririk lortuko.

Alderdiek, bitartean, kanpainako ekitaldiekin jarraitu dute.

EAJ

Iñigo Urkullu lehendakari eta Eusko Legebiltzarrerako EAJren Arabako zerrendaburuak autogobernua izan du hizpide gaur, Gasteizko Probintzia plazan egindako kanpainako ekitaldian. "Hausturarik gabe" eta "marko legala" kontuan hartuta, Euskadiren nazio izaeraren aitortza Espainiako Estatuarekin negoziatzeko konpromisoa berretsi du Urkulluk.

Urkulluz gain, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak parte hartu dute autogobernuari buruz Gasteizen goizean egindako ekitaldian.

Iñigo Urkulluk esan duenez, euskal autogobernua eguneratzea proposatzen du EAJk. Lehendakariaren esanetan, lehen pausoa Eusko Legebiltzarrean "izaera instituzionala" izango duen "oinarrizko akordioa" lortzea izango da. Halaber, prozesuak "aniztasuna errespetatu" beharko duela gaineratu du.

Ildo horretan, EAJk lortu nahi duen akordioak "legezkotasunean eta printzipio demokratikoetan" oinarrituta egon behar duela nabarmen du. Edozein kasutan, Urkulluk ohartarazi du Espainiako Estatuak alde batera utzi behar duela aldebakartasunaren printzipioa eta gizartearen nahiari erantzuteko legean doikuntzak egiteko negoziatzea onartu behar duela.

Euskadin akordioa lortutakoan, Espainiako Estatuarekin akordioa lortzea proposatu du, Espainiak Euskadiren "aniztasuna" eta Euskal Herriaren nazio identitatea onartzea ekarriko duena. Halaber, Espainiarekin negoziatu ostean, akordioa legedira gehituko litzatekeela esan du. Azken pausoa, berriz, estatus berriari buruzko erreferenduma egitea litzateke, jeltzaleen esanetan.

Arratsaldean, Basaurin egindako ekitaldi batean, EAJren hautagaiak ohartarazi du inkestek desmobilizazioa eragin dezakeela, eta horren aurrean, hau esan du: "Ez begiratu horri, ez zaitezte inkestekin fidatu".

Lehendakarigaiak "mobilizazioa eta esfortzuak metatzea" eskatu du; izan ere, "botoak dira kontatzen direnak", azpimarratu du.

Urkulluk gogo txarrez hartu du "lau alderdi espainiarrak" asteburuan EAEko hauteskundeak "Espainiako primarioetarako" erabili izana, "euskal gizartearentzat errespetu falta" izan delakoan.

EH Bildu

Arnaldo Otegiren hitzaldia eten dute gaur, Bilbon Forum Europak antolatutako gosari informatiboa parte hartzen ari zela.

Otegi hizketan ari zela, bat-batean, grabazio bat entzun da aretoan. Grabazioan, espainiarren kontrako irainak eta "joan zaitezte hemendik, utz gaitzazue bakean" zioten oihuak entzun dira.

Javier Ortega VOXeko idazkari nagusiak EFE albiste agentziari adierazi dionez, bere alderdiak ostiralean Gasteizen egindako kanpainako ekitaldian izandako erasoaren "erantzuna" izan da. Ortegaren esanetan, 250 pertsonak ekitaldira bertaratutakoak iraindu eta mehatxatu zituzten.

Antza denez, ostiraleko erasoko oihuak dira gaur EH Bilduren ekitaldia eten duen grabazioan entzun direnak.

Otegik antolatzaileetako bati eman dio atrilean zegoen bozgorailua, eta hitzaldia ematen jarraitu du.

Barakaldon egindako ekitaldi batean, Otegik ohartarazi du Jaurlaritzak ezin duela enplegu "duina eta kalitatezkoa" lortu euskal gehiengo sindikala aintzat hartu gabe, eta igandean euskal herritarrek "herri bezala aurrera egin" edo "Madrilen inposaketetan eta murrizketetan jarraitu" erabakiko dutela gaineratu du.

Otegiren esanetan, "ez da posible herri mailako akordioak lortzea eta herri onek aurrera egitea ELAren eta LABen gehiengo sindikala aintzat hartu gabe, eta horixe egin du Urkulluren Jaurlaritzak".

ELAk eta LABek Jaurlaritzaren jarrera salatzeko biharko deitu duten mobilizazioaren harian, koalizio abertzalearen bozeramaileak esanetan, ?ezin da aurrera egin eta enplegu duina eta eskubideduna bermatu, gehiengo sindikala bazterrean utzita eta patronalarekin eta Madrili jaramon egiten dioten sindikatuekin itunak eginda?. ?Itun mota horrek ondorio bakarra izan dezake, lanpostu galera eta lan prekarietate handiagoa?, azpimarratu du.

?Euskal gehiengo sindikalak bihar Urkulluri esan behar dio ez duela pausorik eman helburua lortzeko. Kontrakoa, patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin ituna egin du, euskal gehiengo sindikala bazterrean utzita?, adierazi du.

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaia ?arduratuta? azaldu da, ?alderdi berriek? modernitatea ekar dezaketen azpiegiturei ?ezetz? esaten dietelako, horren hitzetan.

Donostiako Altza auzoko geltokian egin dute goizeko kanpainako ekitaldia euskal sozialistek, eta azpiegiturak izan dituzte hizpide.

Euskal sozialistek Donostialdeko metroa eta Abiadura Handiko Trena (AHT) bultzatzeko egindako lana goraipatu du Mendiak.

Bestalde, lehendakarigaiak Legebiltzarrean indarkeria matxistaren inguruko batzorde bat sortzea proposatu du, erakundeek sexu arteko berdintasuna bultzatzeko sustatzen dituzten neurrien eraginkortasuna eta betetze maila neurtzeko. Gainera, gizonen eta emakumeen soldaten arteko aldea murrizteko neurriak adostu nahi ditu enpresariekin eta sindikatuekin.

Hala, PSE-EEk alor horretan eman dituen aurrerapausoak gogorarazi ditu, baina aitortu du oraindik ?bide asko? dagoela egiteko.

PP

Nerea Llanos Euskadiko PPko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarrerako PPren Bizkaiko zerrendan bigarrena denak adierazi duenez, "EAJren abestia Espainiarekin eta Europarekin apurtzea da", eta ohartarazi du PP indartsu batek soilik eragotzi dezakeela "hor dagoen haustura arrisku hori".

Barakaldon goizean egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian, Llanosek Iñigo Urkullu izan du jomugan. Llanosek nabarmendu duenez, I25eko hauteskundeen ondoren Iñigo Urkullu izango da, haren esanetan, orain Gorka Urtaranek eta Uxue Barkosek osatzen duten klubaren ordezkari gorena. Are gehiago, Llanosek adierazi du biek ala biek argi erakutsi dutela Ahal Dugurekin eta Bildurekin gobernatzen dutela, eta I25etik aurrera ere hori gertatuko dela iragarri du. "Ez gaitzatela orain engainatu", gaineratu du.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak (PP) esan du bere alderdiaren aldeko botoa dela "ziurtasunarena", "egonkortasunarena" eta "moderazioaren bermearena".

Elkarrekin Podemos

Elkarrekin Podemosek Gernikan egin du goizeko kanpainako ekitaldia, eta bertan izan dira Eukene Arana, Carmen Muñoz, Nagore Gonzalez eta Vanessa Baños hautagaiak. Gernikako arbolaren aurrean egindako ekitaldian, koalizioak itun sozial berri baten beharra nabarmendu du.

Pili Zabala Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak esan du ?onartezina? dela EAEk ?enplegu zerbitzu publiko okerrena? edukitzea, eta Lanbide ?eraldatzeko? deia egin du, langabezian daudenek lana aurki dezaten erabilgarri izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea EAEko hauteskundeak EH Bildu Bizkaia Euskal sozialistak Euskadiko PP Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi