EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

16:14

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Kanpainako 13. eguna

PSE-EEk Hezkuntzaren aldeko apustua egin du enplegua sortzeko

EITB.EUS

Urkulluk osasun gastua Europako batez bestekotik gora mantentzea hitzeman du, EH Bilduk bere programa aurkeztu die gazteei, PPk boto erabilgarria eskatu du eta Elkarrekin Podemos ingurumenaz aritu da.

0:58
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Hauteskunde kanpainako hamahirugarren egunean, Iñigo Urkullu lehendakari eta Eusko Legebiltzarrerako EAJren Arabako zerrendaburuak gizarte politikak hizpide izan ditu gaur goizean Gasteizen, eta osasunean pertsonako egindako gastu publikoa Europako batez bestekoaren gainetik mantentzeko konpromisoa hartu du. Arabako Unibertsitate Ospitalearen aurrean jeltzaleek gaur goizean egin duten ekitaldian, EAJk Txagorritxuko eta Santiagoko ospitaleak hobetzeko "inbertitzen jarraitzeko" konpromisoa duela nabarmendu du Urkulluk.

Urkulluk azpimarratu duenez, haren Gobernuak pertsona jarri du  arreta soziosanitarioaren erdigunean eta osasun zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen "koordinazio printzipioan" oinarrituta dago.

Azken lau urteetan biztanle bakoitzeko osasunean egindako inbertsioa Europako batez bestekoaren parean dagoela azpimarratu ostean, Urkulluk ziurtatu du kalitatezko osasun sistema publikoa bermatzen jarraituko dutela jeltzaleek, Euskadiko bizi itxaropenak Europako altuenetakoa izaten jarrai dezan.

Arabari dagokionez eta, Txagorritxuko eta Santiagoko ospitaleetan egingo diren hobekuntzez gain, Urkulluk iragarri du Oftalmologiako zentro berri bat irekitzeko asmoa dutela Santiago ospitalean,  1.000 metro koadroko azalera izango duena eta 16 kontsulta berri hartuko dituena.

Bestalde, Santiago ospitalean egin diren lanak ere gogoan izan ditu eta kirurgia handiko anbulatorio berriak 1.200 metro koadroko azalera izango duela adierazi du. Gainera, Txagorritxun egongo den Arabako Unibertsitate Ospitaleko eraikin berria urtarrilean egiten hasiko direla eta 42 milioi euroko inbertsioa izango duela zehaztu du.

Arratsaldean, Barakaldon, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak esan du bere aldeko botoarekin Jaurlaritza "egonkorra, sendoa, irmoa, indartsua eta irekia" osatzeko balioko duela, autogobernua eta euskal erakundeak "beti defendatzen" dituena.

Urkulluk Andoni Ortuzar EAJren buruarekin eta Itxaso Atutxa Bizkaiko buruarekin batera egin du ekitaldia.

Lehendakarigaiak esan du herrialde bat gobernatzea "etxe handi bat" familia "ugaria eta anitza" duena gobernatzea bezalakoa dela, eta bertaratu direnei galdetu die ea noren esku utziko lituzketen euren etxeko giltzak.

Azaldu duenez, "botoa, giltza soziala eta politikoa, konfiantza, EAJri ematen dionak" badaki boto horrek "Jaurlaritza egonkor, irmo, sendo, indartsu eta irekia" osatzen lagunduko duela, "industria, enplegua, elkarbizitza eta autogobernua sustatuko dituen euskal gobernu batentzat".

EH Bildu

I25eko hauteskundeen ondoren zer gehiengotan egon nahi duen igandea baino lehen argitzeko eskatu dio Arnaldo Otegik (EH Bildu) EAJri, haren esanetan, hiritarrek jakin behar dutelako EAJk zer egingo duen igandean jasoko dituen botoekin. Otegiren hitzetan, bi gehiengo posible bakarrik daude: bata, Elkarrekin Podemosek, EH Bilduk eta EAJk osatuko luketena eta herrialdearen arazo sozialei eta nazionalei "aurre egiteko" balioko lukeena eta, bigarrena; EAJk, PSOEk eta PPk osatuko luketena eta "geldituta eta atzeraka joaten" jarraitzeko balioko lukeena.

Arnaldo Otegi eta Laura Mintegi, 2012an EH Bilduren lehendakarigai izan zena, EHUko Leioako campusera joan dira gazteei koalizioaren programa azaltzera.

Otegik gazteen arazoak hizpide izan ditu. Otegik adierazi duenez, unibertsitate ikasketak eta masterrak egin eta hizkuntzak ikasten bazituzten etorkizuna bermatuta zutela eta bizi baldintza onak izango zituztela esan zitzaien gazteei.

Otegik salatu du gazteak engainatu dituztela eta gazteek ziurgabetasunez beteriko etorkizuna dutela aurretik. Egoera horren aurrean exiliatu ekonomikoak itzultzea eta gazteek "hemen" bizitza duina izatea ahalbideratuko duten politikak martxan jartzea defendatu du Otegik.

Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusiak Podemosen kontra jo du EH Bilduren mitinean "bete ezin diren" proposamenak egiteagatik, Espainiarekiko "mendekotasuna onartzeagatik".

Getxon egindako ekitaldi batean, Otegik lurralde eztabaidari garrantzia kentzea leporatu dio alderdi moreari, egiatan "behin eta berriz Espainiaren batasunaren aldeko apustua, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek bezalaxe" egiten duela iritzita.

EH Bilduren ordezkariak azpimarratu du Podemosi ez zaiola gustatzen koalizio abertzaleak proposamen sozial "argia eta zehatza" edukitzea.

"Molestatu egiten die agerian uztea aldaketa sozialik ez dagoela aldaketa politikorik gabe, ezin dela sozialki aurrera egin Madrilen aginduen mende bagaude", gaineratu du.

Hori horrela, Podemosi eskatu dio, EAJri bezalaxe, argitzeko zer egingo duen "Madrilek beste behin ezetz esaten duenean".

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak gaur adierazi duenez, hezkuntza eta formakuntza dira lan politika aktiborik onenak.

Elgoibarko Makina Erramintaren Institutura egindako bisitan, Lanbide Heziketa (LH) industria sektorearen beharrekin lotzeko premia azpimarratu du Mendiak.

Mendia arduratuta mintzatu da "azken lau urtetan 10.000 lanpostu" galdu direlako industrian eta Ikerketa, Berrikuntza eta Garapena alorrean (I+G+B) inbertsioa murriztu egin delako. Hori dela eta, politika ekonomikoa errotik aldatzeko beharra aldarrikatu du. Gainera, Lanbiden aldaketak egitea proposatu du, haren hitzetan, lana bilatzeko tresna eraginkorra izan dadin.

Laudion arratsaldean egindako ekitaldi batean, Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak esan du Podemos abertzaleek behar duten "oxigenoa" dela, euskal gizartea "joko" independentistetan "nahasten" jarraitzeko.

Mendiak ez du denborarik galdu nahi "eztabaida amaiezinetan", euskal herritarrek "herrialde independente, XXI. mendeko foru nazio edo Kanadako probintzia" izan nahi duten, horiek "abertzaleen kontu zaharrak" direla eta "hauteskunde kanpainan beti ateratzen duten bandera" dela iritzita.

"Arazoa da orain lagun erabilgarria aurkitu dutela. Arazoa orain da Podemos daukatela", adierazi du hautagai sozialistak, alderdi horrek "erabaki guztiak etorkizuneko kontsultaren mende" uzten dituela gogorarazi aurretik.

PP

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak babesa eskatu die Ciudadanos alderdiko "umezurtzei". Goizean Getxon 'popularrek' egin duten hauteskunde kanpainako ekitaldian, Cospedalek botoa eskatu die abstentzionistei eta Alderdi Sozialistari botoa eman izan dien eta "desengainua" hartu dutenei.

Bestalde, Alfonso Alonso PPren lehendakarigaia hauteskunde propaganda banatzen aritu da Gasteizen. Alonsoren esanetan, PPk "kaleko ahotsa" eta herritarrak kezkatzen dituen "eztabaidak" eramango ditu Eusko Legebiltzarrera.

Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak esan du EAEn pentsioak "ziurtatuta" daudela Estatuko gainerako herritarren "elkartasunari" esker, eta "Espainia hausteko jolasik ez egitea" eskatu du. "Ez dugu Gizarte Segurantzaren Kutxarekin jolas egiten utziko, diru hori pentsiodunena delako, eta bermatuta egon behar duelako", azaldu du.

Alonsok Gasteizko Florida parkean egin ditu adierazpenok, 600 bat pentsiodunen aurrean.

EAEko PPren presidenteak esan du "esperientzia beharrezkoa" dela "Espainian eta Euskadin", eta ohartarazi du "politikan esperientziarik ez duen jende  berri asko" sartu dela, "sekula gobernatu ez duena eta politika jolas gisa hartzen duena". "Horrelaxe dute Espainia: gobernurik gabe bederatzi hilabete, arduragabeak direlako", kritikatu du.

Elkarrekin Podemos

Elkarrekin Podemosek klima aldaketari aurre egiteko legea Eusko Legebiltzarrean aurkezteko konpromisoa hartu du. Koalizioko kideek adierazi dutenez, ekologia da etorkizun hobea izateko bidea eta  "aurreztean, efizientzia energetikoan eta energia berriztagarrietan" oinarritua egon behar du.

Koalizioak ingurumen politikak hizpide hartuta hauteskunde kanpainako ekitaldia egin du Gasteizen eta bertan izan dira Juantxo Lopez de Uralde Unidos Podemoseko diputatua eta Equoko bozeramailea, Florent Marcellesi Equoko europarlamentaria eta Cristina Macazaga Elkarrekin Podemoseko Arabako hautagaia.

Arratsaldean Gasteizen egindako ekitaldi batean, Iñigo Errejon Podemosen Politika idazkariak "itun berri bat" eskatu du, "eskubide nazional eta sozialak blindatzeko", eta "eskuratutako eskubideak" babestuko dituen lan harremanetarako euskal ituna sortzea ere aldarrikatu du.

Errejonek Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiarekin parte hartu du ekitaldian, eta azken horrek ere "akordio sozial berria" eskatu du, Gernikako Estatutuaren ordez jartzeko.

 

 

 

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena