EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Koronabirusa

Hauteskundeak atzeratzea erabaki dute euskal alderdiek

Data berria osasun-larrialdia bertan behera geratzen denean zehaztuko dute.

Lehendakarigaiak. Argazkia: EFE/eitb.eus
Lehendakarigaiak.
Lehendakarigaiak. Argazkia: EFE/eitb.eus

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal alderdiek apirilaren 5erako deituta zeuden hauteskundeak atzeratzea erabaki dute astelehen honetan, koronabirusa hedatzearen eraginez ezinezkoa baita egun horretan hauteskundeak dagozkion berme guztiekin egitea eta sufragio eskubidea gauzatzea, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldi publiko batean baieztatu duenez.

Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdietako (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP eta Equo) ordezkariekin bildu da goizean, hauteskunde autonomikoen data aztertzeko asmoz. Lehendakariak otsailaren 10ean egin zuen hauteskundeak aurreratzeko agerraldia, baina koronabirusaren bilakaera ikusita apirilaren 5erako aurreikusita zegoen deialdia bertan behera uztea erabaki dute.

Idatzi batean, hauteskundeak ezin direla "behar bezalako bermeekin" egin adierazi dute alderdi politikoek, COVID-19 gaitzaren pandemiak eragindako larrialdi sanitarioa dela eta, osasun publikoak eta botoa emateko eskubideak horren eragina jasoko baitu.

Ondorioz, A5eko hauteskundeak lehendakariak sinatutako dekretu baten bidez atzeratu behar direla adostu dute. Erabakia hauteskunde kanpaina hasi baino lehen hartu eta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (ostegunean, 00:00etan).

Bilera 10:00etan hasi da, Lehendakaritzaren egoitzan. EAJren izenean, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea alderdikidea izan dira, PSE-EEren aldetik, Idoia Mendia idazkari nagusi eta lehendakarigaia izan da bileran, EH Bilduren izenean, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Maddalen Iriarte lehendakarigaia izan dira; Elkarrekin Podemosen izenean, Miren Gorrotxategi lehendakarigaia; Euskadiko PPren izenean, Amaya Fernandez behin-behineko presidentea; eta Equoren izenean, Jose Ramon Becerra lehendakarigaia eta Edurne Baranda Gipuzkoako hautagai eta legelaria.

Honakoa aurrekaririk gabeko egoera da, ez baitituzte inoiz bertan behera utzi behar izan aurretik deituta zeuden hauteskunde batzuk. Legediak berak ere ez du horrelako testuingururik aurreikusten. Dena dela, bozak atzeratzeko aukera juridikoa aztertzen aritu da Eusko Jaurlaritza, eta horretarako "hutsune batzuk" ikusi ditu araudian.

Data berria, beraz, larrialdi sanitarioa bertan behera geratzen denean zehaztuko dute, Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretuz. Hauteskundeak posible den lehen iganderako deituko dira, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Idoia Mendia Hauteskundeak AEB EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Maddalen Iriarte Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Carlos Iturgaiz Miren Gorrotxategi