EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Hauteskunde-kanpaina

Mendia: "PSE-EErako botoak berreraikitze sozial eta ekonomikorako baliatuko ditugu"

"Liskarrerako", aldiz, "bat ere ez dugu erabiliko", nabarmendu du lehendakarigaiak, kanpaina-amaierako ekitaldian, Donostian.

PSE-EEk Donostian amaitu du kanpaina. Argazkia: EFE.
PSE-EEk Donostian amaitu du kanpaina
Botoak krisiari aurre egiteko erabiliko dituztela dio Mendiak

0:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigai Idoia Mendiak ostiral honetan adierazi duenez, igande honetan bere alderdiak jasotako "boto guztiak" Euskadiko "berreraikitze sozial eta ekonomikorako" baliatuko dituzte; "liskarrerako", aldiz, "bat ere ez dugu erabiliko", nabarmendu du.

PSE-EEk hauteskunde-kanpainari amaiera emateko egindako mitinean eman du mezu hori Mendiak, Donostian, Altza auzoan, Harrobieta plazan. Bertan, Mendiarekin batera, Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramailea, PSE-EEren Arabako zerrendaburu Gloria Sanchez eta Gipuzkoako zerrendaburu eta lurralde historiko horretako sozialisten idazkari nagusi Eneko Andueza ere izan dira.

"Ezkerreko lidergoa, politika fidagarriak eta zorrotzak eta konponbideak, ez arazo gehiago" nahi dituzten euskal herritarrei eskatu die botoa Idoia Mendiak, "bizikidetzan, akordioan eta lankidetzan sinesten dutenei". Gainera, zehaztu du PSE-EEk eskaini eta bermatzen duela Eusko Jaurlaritza "liskarretik urrun eta Pedro Sanchezen Gobernuarekin bat eginda" egotea.

"Sozialistok ez dugu denbora galduko, eta argi dugu: boto guztiak, boto-paper guztiak, aulki guztiak, Euskadiko berreraikitze sozial eta ekonomikorako baliatuko ditugu. Liskarrerako edo zatikatzeko, aldiz, bat ere ez dugu erabiliko", esan du.

"Euskadi aurrera ateratzea"

Haren iritziz, hauteskunde hauek balio behar dute "Euskadi aurrera ateratzeko": "Hauteskunde hauetan, ez dago jokoan independentziarik, kontsultarik, euskal errepublikarik edo Gobernu akordiorik. Hauteskunde hauetan, erabaki behar dugu zein osasungintza, zein hezkuntza eta zein enplegu behar ditugun", amaitu du.

Ekitaldi berean, Maria Jesus Montero Ogasun ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak herrialdeari "traizio handia" egitea leporatu dio PPri, koronabirusaren "gaixotasuna aprobetxatuz Gobernu bat etzaten saiatzeagatik", eta "hautestontzietan ordainduko" dutela ohartarazi dio.

Monterok "batasuna" eskatu du COVID-19aren pandemiak eragindako krisitik ateratzeko, eta "itxaropen handiak" agertu ditu: "Espainiako zientziak mila milioi euroko talka-plana izango du, eta hemendik aterako gaitu".

Eneko Anduezak, bestalde, "hautestontziak ukabilez eta arrosaz, ilusioz eta itxaropenez" betetzeko deia egin du. "Ez dira alferkeria  edo beldurra sartzen; astelehenean hasiko da bidea, eta horretarako botoak behar ditugu igandean”; ildo horretan, “ Gobernu indartsu bat eta egonkortasuna" aldeztu ditu.

"Sozialistok guztiontzako herri proiektua gara, bazterketarik gabe, inor atzean utzi gabe". Horrez gain, "egonkortasuna" eta baliabideen kudeaketa ere badirela gaineratu du, "inolako zerbitzurik murriztu gabe".

Bien bitartean, Gloria Sanchezek esan du igandean "asko" izango dugula jokoan, eta hauteskundeak "bereziki garrantzitsuak" izango direla, "akordioak lortu behar direlako". Testuinguru horretan, sozialistek "irtenbideak" eskaintzen dituztela eta "EEAko  erakundeek funtzionatzeko bermea" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra bideoak EAE albisteak EAEko hauteskundeak Idoia Mendia bideoak Alderdi politikoak albisteak PSE-EE Gipuzkoa Hautagaiei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus albisteak Hauteskundeak Zeintzuk dira azken hauteskunde galdeketak? Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak