EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

01:34

EAE-ko Hauteskundeak 2020

U12

XII. legegintzaldiko Eusko Legebiltzarra abuztuan has daiteke lanean

agencias | redacción

Aurreko legegintzaldian, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak hauteskundeak egin eta hilabete baino lehen jarri zuen osatzeko data.

  • Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe

    Eusko Legebiltzarra. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eusko Legebiltzarra abuztuaren amaieran eratu ahal izango litzateke, baldin eta hautetsiek legebiltzarkide izateko izapideak azkartzen badituzte. EAJk eta PSE-EEk elkarrekin gehiengo absolutua lortuta, litekeena da hala izatea eta lehendakaria inbestitzeko epeak irailean hastea.

Jarduneko Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek 41 legebiltzarkide lortu dituzte gaurko hauteskundeetan, eta horrek gehiengo nahikoa ematen die gobernuari eusteko eta legegintzaldia lehenbailehen hastera behartzeko.

Hauteskunde horietan hautatutako 75 legebiltzarkideak ofizialki izendatu ondoren, abuztuaren 8a baino lehen, legebiltzarkide direla egiaztatu behar dute, Hauteskunde Batzordeak emandako kredentziala Ganberako Idazkaritzan entregatuta.

Ez dago eperik hautetsiek beren burua akreditatzeko, eta, normalean, prozesu hori luzatzeko edo bizkortzeko erabiltzen dute alderdiek, hauteskundeen emaitzen eta alderdien arteko gobernua osatzeko negoziazioen arabera.

Oraingo honetan, itxura guztien arabera, lortutako emaitzekin, EAJk eta PSE-EEk ez dute izapide hori atzeratuko, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariaren asmoa baita Legebiltzarra lehenbailehen abiaraztea.

Egoera horretan, epeak zenbatzen hasiko dira herenak (75 legebiltzarkideetatik 25ek) erakundean kredentzialak erregistratzen dituenean. Behin tramite hori beteta, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak hurrengo hamabost egunetan finkatuko du eratzeko data. Legegintzaldi honetan, Ganbera 2016ko urriaren 21ean jarri zen martxan, irailaren 25eko hauteskundeak egin eta ia hilabetera.

Pentsatzekoa da errepikatuko egin dela epea, edo laburtu ere egin daitekeela, eta Eusko Legebiltzar berria abuztuaren amaieran osatuko dela, Adineko Mahaiak zuzendutako bilkura batean.

Hurrengo osoko bilkurak gai bakarra izango du: hautatutako legebiltzarkideen Bateraezintasunen Behin-behineko Batzordea izendatzea. Batzordeak, gehienez ere, hogei eguneko epean aurkeztuko du bere iritzia osoko bilkuran. Saioa amaitzean, hurrengo osoko bilkura, lehendakaria hautatzeko bilkura, noiz egingo duen jakinaraziko du presidenteak.

Aurreko legegintzaldietan bi eta hiru hilabete bitartean igaro ziren hauteskunde autonomikoetatik inbestidurara arte. Azkenengoan ia bi hilabetekoa izan zen denbora tartea. Joera horri jarraituz gero, irailaren hasieranizendatu dezakete lehendakaria.

Hala ere, Legebiltzarra inbestidurarako deitu eta hirurogei eguneko epean inbestidurarik egiten ez bada, jarduneko lehendakariak Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deitu beharko ditu.

Aukera hori ez da inoiz eman EAEn; izan ere, araudiak eragotzi egiten du lehendakaria aukeratzeko orduan blokeatzea, legebiltzarkideek bi aukera baino ez dituztelako: hautagaia babestea edo abstenitzea. Ganberaren Araudiak ez du jasotzen aurka bozkatzeko aukera, eta, ondorioz, lehen bozketan gehiengo osoz aukeratzen ez den hautagaia bigarren bozketan gehiengo soilez izendatu ahal izango dute.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena