EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
HAUTESKUNDEAK
Hauteskunde mahaian egotea egokitu zait, baina ezin dut: zein aukera ematen ditu legeak?
Nahitaezkoa da hauteskunde mahaian egotea, hala egokituz gero. Nolanahi ere, badira legeak aurreikusten dituen hainbat arrazoi, libratzeko. Mahaikide izatea egokitu eta ez joateak, ondorioak ditu.
EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen dekretua behin argitaratuta, bozetarako makineria martxan da. Hurrengo urratsa mahaikideak aukeratzeko zozketa egitea da, eta egutegiak dio martxoaren 23tik 27ra bitartean egin behar dutela hori udalek. Herritarrei jakinarazpenak bidaltzeko epea, berriz, martxoaren 24tik 30era artekoa izango da.
Hautaketa prozesuak Aste Santuarekin bat egingo duela eta, hainbat udalek jada iragarri dute zozketa aurreratzea proposatuko dutela. Duela lau urteko hauteskundetan, 24 102 pertsona izendatu zituzten mahaiak osatzeko, horietatik 8034 titularrak eta 16 068 ordezkoak.
Hauteskunde mahaian egotetik salbuesteko arrazoi batzuk aurreikusita daude, baina behar bezala justifikatu beharko dira batzordearen aurrean. 70 urtetik gora dituztenak automakikoki geratuko dira zozketatik kanpo, baina 65 eta 70 urte bitartean dituztenek argudiatu dezakete ez direla pertsona egokiak egokitu zaien zeregina betetzeko.
Era berean, bestelako arrazoiak ere badaude: haurdun egotea (sei hilabeteko edo hortik eta gora), hurrengo egunean ospitalera joan behar izatea, aldatu ezin den familia-ospakizun berezi bat izatea edo sektore bereziren batean lan egin behar izatea, hala nola hauteskunde egunari buruzko informazioa eman behar duten komunikabideetan (albistegien arduraduna izanez gero bakarrik).
Ezingo da, inolaz ere, betebehar horrekin salerosketarik egin. Batzordeak gogor zigortuko du hauteskunde mahaian bere eginkizuna betetzeko beste pertsona bati ordaintzea.
Betebehar horretatik arauak aurreikusitakoaren arabera libratu ezin direnentzat, bada beste aukera bat: ordezko bat bilatzea. Horretarako, hauteskunde mahai bereko norbait bilatu beharko da (hau da, auzokide bat), Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkeztu eta paperak trukatu ahal izateko.
Tokatuz gero, nahitaez joan beharko da mahaira, eta hauteskunde egunean ez aurkezteak ondorioak ditu: zehapen bat, isun bat edo urtebeteko espetxe zigor bat jaso daiteke.